Uda hasieran, gaian iritzi kualifikatua duen kide batek jakinarazita, gure kezka azaldu genuen Udalean, Hirigintza batzordean hain zuzen ere, Benta Zaharreko parkinga eusten duen egituraren egoera tamalgarria zela eta, argazkiz hornituta.
Udal arkitektoak bere gain hartu zuen eta zegokion erakundean jakinarazi eta eskaera bideratuko zuenaren hitza eman zigun. Ez dugu zalantzan jartzen udal teknikariren lanik, baina erantzunik jaso ez genuenez, badaezpada, beste mezu bat helarazi genion Udal Arkitektoari abuztuaren 23an, gure larritasuna adieraziaz.
Udal Arkitektoak bere ardura eta lana ondo beteaz, (udal honetan kasu guztietan gertatzen ez denez) Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietarako Zuzendaritzak, gaia bereganatu eta proiektua prestatu du, beharrezko konponketak burutzeko.
Honaino, ohiko prozedura: herritarren bitartez gabezia bat antzeman eta komunikatu, herri ordezkariak garen neurrian erantzukizunez dagokion tokian jakinarazi eta jarraipena egin, eta diskrezioz eta eraginkortasunez, udal langintzan eragin.
Gertatutakoaren argitan ordea, ez da berdina guztien jokabidea.
Itzela izan zen sorpresa, joan zen ostiraleko Hitzan albistearen berri irakurri genuenean. Herriko korrespontsalaren hitzetan, aipatu arazoa, Abotsanitz alderdiak bideratu zuen, irtenbidea eman, komunikatu eta abar, kasu jakin honetan, ezer gutxi egin ez duenean; are okerragoa dena, gure interbentzioaren aipamen ñimiñoena ere egin gabe.
Ez gara gu auto-laudoriotan ibili zale, gu ez ginen Udalean sartu medailak paparrean jartzeko, egiten dugun lana bere gauza on eta akats guztiekin, jendarte hobeagoa lortzearen bidean, ahal dugun ekarpentxoa egitean datza, eta emaitzaren bat gauzatu ezkero, horixe da guretzat saririk handiena.
Beste talde batek gure lana baliatzea, hobekuntza batzuk bereak balira bezala jendearen aurrean aurkezteko, aldiz, espero ez genuen edukazio eta errespetu politiko falta nabarmentzat hartu dugu; are handiagoa, edukazio eta errespetu hori bereziki zaindu izan dugunean talde horrekin.
Beste talde batek gure lana baliatzea, hobekuntza batzuk bereak balira bezala jendearen aurrean aurkezteko, aldiz, espero ez genuen edukazio eta errespetu politiko falta nabarmentzat hartu dugu; are handiagoa, edukazio eta errespetu hori bereziki zaindu izan dugunean talde horrekin.
“Orain argi ulertzen dut gertatutakoa. Lotxagarria Asierren kazetari lan eskasa eta Abotsanitzen putre azpijokoa. Aski da!”
Kaixo vikentar
Xabier Bengoetxea Erriondo naiz, Hondarribiko EHBilduko watxap taldeko partaidea. Ez dut ongi ulertzen zure iruzkina, baina uste dut EHBilduren oharretik hartu duzun azken puska hori eta nik watxap talde horretan egindako iruzkinak bata bestearen ondoan jarrita EHBilduk kontraesan bat egin duela adierazi nahi duzula.
Kontesturik gabe kopiatu eta itsatsi dituzu bi iruzkinak, ni aipatu gabe eta gainera modu anonimoan egiten duzu. EHBilduk pentsatzen duena argi utzi du bere oharrean eta nik watxap talde horretan esan bezala Asier kazetaritzaren lana eskasa iruditzen zait eta Abotsanitzek alderdi politikoak darabilen putre azpijokoa lotxagarria. Hala pentsatzen dut nik pertsonalki ez EHBilduk. Ulertuko duzulakoan agur bat.
Kaixo. Urko Etxebeste naiz, OARSO BIDASOKO HITZAren zuzendaria. Sarrera honetan gure hedabideari erreferentzia egiten zaionez, hainbat zehaztasun eman nahiko nituzke. Zehaztasun hauek, Hondarribiko EH Bilduko kideei zuzenean emandakoak dira aldi berean, bai telefonoz (irailaren 21ean), bai posta elektroniko mezu pribatu bidez (irailaren 28an).
Jarraian doazen puntuak, lehen aipatu posta elektroniko mezuan bidalitakoak dira, baina egokitu egin ditut iruzkin honetarako. Mamia berbera da.
– Benta Zaharrari buruzko albistea publikatu egin genuen, alderdi jakin batek horren inguruko informazioa bidali zigulako (posta elektroniko bidez Hondarribiko helbidera: hondarribia@hitza.eus), eta gaia interesgarria iruditu zitzaigunez, alderdi horrek bidalitakoa oinarri hartuta landu zen informazioa. Informazio hori, gerora, ikusi dugu hankamotz joan zela. Eta horregatik barkamena eskatu beharrean gaude.
– Alderdi horren oharra iritsi arte, ez genekien deus ere gaiaz. Are gutxiago EH Bilduk horren gaineko lanketa sakona egin zuela. Aipatzen duzue diskrezioz eta eraginkortasunez egindako lana izan dela zuena. Hala izan da, baina joan den asteko ostirala arte (irailak 21), guk ez genekien deus ere.
– EH Bilduk landutakoa esku artean izan bagenu, egon ziur, gurean publikatuko genukeela egindako lanketa, Hondarribiko EH Bilduren informazio guztiekin egiten dugun moduan. Beste alderdi politikoen ekarpenekin egiten dugun bezala, EH Bildurena ere sartuko genuke inolako zalantzarik gabe. Horretan dudarik ez izan.
– Kontrasteaz: ez genekien deus ere EH Bilduren egitekoagatik gaia konpontze bidean dela. Baina esku artean beste alderdi baten oharra soilik izanda, hori izan genuen heldulekua gaia lantzeko. Gisa honetako gaietan zaila zaigu alde guztietara jotzea haien erreakzioak eta ekarpenak jasotzeko. Eromena litzateke edozein gairi buruzko albistea egiten ari garenean, gaiarekin harremana duten alde guztiekin hitz egitea, gainera ez dakigunean gai horri buruz (kasu honetan Benta Zaharrekoa) beste eragile batek, kasu honetan EH Bilduk, lanketa bat egin duenean.
Aurreko puntuak dira aurreko egunetan EH Bilduko kideei emandako azalpenak.
Eskerrik asko