ASTURIAGAKO ERAHILKETEN MEMORIA MANTENTZEKO PLAKA

Hondarribiako Asturiaga hondartzan, 1974ean Frankismoaren garai ilunetan, diktadurako poliziak bi gazteak erahil zituzten tokian bertan, memoriarako plaka bat jartzea eskatzen dugu.

2016ko Azaroan Eusko Jaurlaritzak “Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri. Hondarribia, 1960-2010” txostena argitaratu zuen. Txosten honen azpititulua “Oroitzapenezko ekintzak eta biktimen aitortza sustatzen laguntzeko udalei eskaintzen zaien agiri informatiboa” zen. Txosten honetan gure herrian jazo diren biktimen inguruko zerrenda bat egiten da, biktimak nork eragindakoak diren, noiz eta gertaerak nola izan ziren deskribatzen du. Josu Zabala Erasunen kasua esaterako bertan jasotzen du eta deskribapenean bertan esaten den moduan hilketan gertatu eta hurrengo egunean Hondarribiko udal osoak dimititu zuen. Josuren kasua ezaguna dugu herrian, bera hil zuten txokoan bertan plaka bat dauka eta urte luzez Irailaren 8an memoria ekitaldiak egin izan dira, baita, erakusketa eta beste zenbait lanketa ere.

Josu 1976an erahil zuen Guardia zibilak. Bi urte lehenago, artean Franko eta bere erregimen ankerra bizirik zegoenean, Roke Méndez Villada eta Jose Luis Mondragon Elortza gazteak hil zituzten, bertsio ofizialaren arabera, Asturiaga hondartzan. Aipatu txostenak “Behar beste argitu ez diren kasuak” bezala jasotzen ditu erahilketa hok eta garaiko prentsa frankistan argitaratutako bertsio ofizialak darabilen errelatua jasotzen dute ondoren “kasuaren inguruabarrak hobeto ikertu behar izan ziren” esateko.

Rokeren zein Jose Luisen familiarekin biltzea nahikoa izan zen bertsio ofiziala gezurtatzeko. Polizia frankistak seme eta anaia gabe utzi zuen Jose Luisen familia, baina, Rokeren kasua larriagoa da. Zazpi hilaberekin aurdun zegoen alarguna utzi zuen Roke erahil zuten poliziek. Haren alaba den, eta aita izagutzeko aukera erauzi zioten, Ainhoak eta Jose Luisen arreba den Itziarrek bakardadea aipatu digute askotan. Hondarribiko udalak ezin ditu bakarrik utzi, biktima guztien helburua da Memoria, Justizia eta Erreparazioa, baina, biktima hauek ez dute hasi ere egiteko betarik izan. Beraz, ahanzturan uztea onartzen ez dugulako Asturiaga hondartzan udalak memoriarako plaka bat jartzeko eskaera luzatzen dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude