ITSASOA, ONDAREA ETA EUSKARA. ENRIKE LEKUONA IKERKETA BEKA ANTOLATZEKO

Hondarribiko EH Bildu Udal Taldeak Itsasoa, Ondarea eta Euskara. Enrike Lekuona Ikerketa Beka sortzea proposatzen dio Hondarribiko Udalari, zehazki, Arma Plaza Fundazioari. Beka deialdiaren antolatzailea Arma Plaza Fundazioa izango litzateke, Enrike Lekuonaren familia, Aranzadi Zientzia Elkartea eta “Sustraia boluntario taldea” laguntzaileak direla. Onartzekotan, bi urteren behin egiteko izango litzateke. Jarraian, Enrike Lekuona pertsonari buruzko iruzkin laburra egiten dugu.

Galtzaileen seme-alabek diktaduraren harresia pitzatu zuten. Enrike Lekuona Muñoz, horietako bat zen. Enrikeren belaunaldi hark ukazio gorritik hasi behar izan zuen, zerotik, beldurra eta errepresio gordina gainditu eta askatasunaren lubakietara jauzi egin. Enrikek bere burua egin zuen askatasunaren aldeko militante, berak hartu zuen euskara hizkuntzaren kontzientzia, euskaltzale eta abertzale egin zen.

Beti ikasten, beti marrazten, beti arakatzen, beti laguntzen, Enrike beti, behar zenean, hor zegoen, isilik batzuetan, marrazten eta idazten gehienetan, beti. Irizpide propioak zituen Enrikek eta bazekien azaltzen eta defendatzen. Tinko eta, aldi berean, samur. Baina Enrikek oso ondo zekien jakin, eraikitzeko, taldea dela beharrezkoa; irabazteko, antolakuntza dela ezinbestekoa. Gaitasun handiko gizona zen eta horregatik, agian, bazekien gizonak bere bakardadean deus gutxi lor dezakeela. Gaitasun handiko pertsonen ahalmena taldearen baitan gauzatzen da. Hori da Enrikek utzi digun irakasgaia: denon artean irabaz dezakegu, baliteke, baina bakoitza bere txokokeritik besteen aurka jardunez gero, denok galtzaile, seguru. Enrike leiala, diziplinatua, burkide nekaezina eta taldekoa; batez ere, taldekidea. Taldea, lan taldea zen Enrikeren gustuko eremua.

2017ko uztailaren 12an istripu baten ondorioz hil zen Enrike Lekuona. Tradiziozko arrantza itsasontzi baten berreskuratze eta musealizatze lanetan zebilen Hondarribiko portuan. 1967. urtetik Aranzadiko kide zen. 2006. urtean Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatutako arkeologia ikastaro praktiko batean parte hartu zuen eta ordutik arkeologia proiektu ezberdinetan egiten zuen lan, adibidez: Amaiur eta Beloagako indusketetan, Pirinioetako galtzada erromatarretan eta historiaurreko aztarnategi ezberdinetan, Jaizkibel eta Munoaundi, bestak beste.

Ogibidez itsas ingeniaria, bere jakituriak Aranzadiren ekintzetan eragin handia izan zuen, musealizazio, zaharberritze eta ikerketa metodo esanguratsuak ekarri baitzituen Aranzadi Zientzia Elkartera. Hori gutxi balitz, Euskal Herrian zehar aurki daitezke haren akuarela eta marrazkiak: Igartza (Beasain), Amaiur (Baztan) edota Irulegin (Aranguren).

Gizalegez jokatzen zuen beti, eta lan egiteko grina eta ilusioa berehala hedatzen zituen harekin elkarlanean zeudenen artera. Enrikeren nahiari eutsi nahi diogu, gure ondare kulturalaren ikerketa eta defentsa aldarrikatzean alegia, belaunaldi berriengan berak ereindako hazia hel dadin.

Eskaerari atxiki diogu ikerketa-bekaren oinarrien proposamen bat. Proposamena besterik ez da. Onartuko duzuelakoan, Enrike gogoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude