JAIZKIBEL-JAITZUBIA ZAIN DEZAGUN, INGURUMEN EGITASMOA

SARRERA

Gure inguruak ederrak direla begi bistakoa da, mendiak eta itsasoak bat egiten duen tokian bizi gara gu. Leku eder zein berezia sortu da bi eremu horiek elkar topatzerakoan eta horrek jende andana liluratu eta erakarri du urte luzez. Baina, Hondarribia deritzogun eremu honek, ez ditu soilik pertsonak erakarri. Hondarribia flora zein fauna espezie mordo baten etxe eta bizitokia ere bada. Batzuk harat-honat dabiltza beste batzuk, berriz, munduko txoko hau hautatu dute bizileku bezala.

Gure udalerria ingurune aldetik leku pribilegiatua da eta horren adierazle da babestutako eremu oso bereziak ditugula. Bi eremu bereizi ditzakegu babesguneez hitz egiten dugunean: Jaizkibel mendia eta Txingudiko badia. Bi zonalde hauek Europar mailako Natura 2000 Sarean daude. Eta zer da Natura 2000 Sarea? Eusko Jaurlaritzak ekinbiderako prestatuta duen web gunean honela dio: “Natura 2000 biodibertsitatearen galera ekiditeko Europan dagoen proiektu nagusia da, gure ondorengoei bizi-kalitate hobea ahalbidetzea da helburu duena”. “Natura 2000 Sarea 1992an sortu zen, Habitaten Zuzentaraua jarraituz. Bi espazio mota aurreikusten dira: Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE), Zuzentarauan jasotako interes komunitarioko habitat eta espezieen kontserbazioa helburu dutenak, eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak (HBBE), 1979ko Hegaztien Zuzentarauak ezarritakoak basa-hegaztientzat garrantzi berezia duten naturaguneekin bat eginez.”

Berriz ere gurea bi eremuk bat egiten duten tokia dela esan dezakegu:

Jaizkibel mendiak KBE aitorpena jaso zuen 2013. urtean. Florari dagokionez EAEn biziki arraroak diren mikrohabitatek babesa hartzen dute bertan eta endemikoa den espezie bat ere aurkitu dezakegu Armeria euscadiensis. Faunaren alorrean hegaztiak dira nagusi. Itsas-hegazti askoren etxea da Jaizkibel eta bertan habiagile arraroak ere aurki ditzakegu. Gainera, hegaztien migraziorako garrantzizko tokia dugu Jaizkibel. Honegatik guztiagatik izan zen onartua Europa mailako Natura 2000 Sarean.

Txingudiko badiaren parte den Jaitzubiako hezegunea berriz, oso gune berezia da eta hala dio Ingurumen eta Lurralde politika sailak Txingudi-Bidasoa KBEaren eta Txingudi HBBEaren kontserbazio neurriak proposatzeko txostenean:

Espazio horretan padura funtzionaleko zenbait gune daude, balio eta interes handiko fauna eta flora duten guneak. Batasunaren intereseko habitatak daude, eta erlazio eta lotura estua dute elkarrekin. Habitat horietako batzuk urriak dira EAEn, eta ondo ordezkatuta daude Bidasoaren estuarioan. Bada horren adibide aipagarri bat: estuario horretan dago, guk dakigunez, gaur egun Gipuzkoan, Zostera noltii espeziearen populazio bakarra. Fanerogamo horrek kolonizatzen du “Ordoki lohitsuak edo hareatsuak, itsasbeheran urpean geratzen ez direnak (EBko kodea: 1140)”

habitataren azpimota atlantikoa. Gainera, oraindik jarduera tradizional batzuk egiten direnez, eta eremu horretako zona batzuk itsasaldi-dinamikarako berreskura daitezkeenez, sistema horrek balio eta ahalmen handia du.

Bidasoaren itsasadarreko estuarioa interes bereziko eremua da flora eta fauna kontserbatzeko, arriskupean dagoen floraren eta faunaren Euskadiko katalogoan sailkatuta dauden espezieen populazioak baitaude bertan, eta baldintza egokiak ditu populazio horiek gara daitezen.

Fauna-balioari dagokionez, aipatzekoa da arrain-fauna, Bidasoa ibaia baita EAEn denboran zehar 5 espezie migratzaile handiak (izokina, itsas amuarraina, kolaka, itsas lanproia eta aingira) izaten jarraitu duen ibai bakarra. Espezie horientzat, migrazioetan igarotzeko eta egokitzeko eremua da estuarioa. Horrez gain, Jaizubiako gunea arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus) arrainespeziea badagoela egiaztatu den EAEko leku bakarretakoa da. Arrain-espezie hori arriskupean dauden espezieen artean jasota dago, baina haren populazioak asko murriztu dira azken urteetan.”

Txingudiko hezegunea Ramsar hitzarmenean ere zerrendatuta dago. Ramsarko hitzarmena edo Nazioarteko Garrantzidun Hezeguneei Buruzko Hitzarmena, bereziki Uretako Hegaztien Habitat Gisa Irango Ramsar hirian sinatu zen nazioarteko hitzarmena da, 1971ko otsailaren 2an sinatua eta 1975ean indarrean sartua. Xede nagusia, hezeguneen kontserbazioa eta erabilera arrazionala da, tokiko, eskualdeko eta nazioko ekintzen bidez eta nazioarteko laguntzari esker, mundu osoan garapen jasangarri bat lortzeko laguntza bezala.

ZIOA

Arestian aipatu moduan toki berezian bizi garela uste dugu eta horren erakusle dira gure udalerrian bertan ditugun babestutako zenbait eremu. Babesak, baina, ez du bermatzen eremu horietan eta udalerrian dauden ingurumen kontserbazioko behar guztiak asetuko direnik eta hori bideratzeko sortzen dugu “Jaizkibel-Jaitzubia zain dezagun” ingurumen egitasmoa. Zein da egun gure inguruan dugun apo lasterkariaren (Epidalea calamita) espeziearen populazioaren egoera? Eta Gipuzkoan bakarra den, eta Hondarribian galdu dugun, Zostera noltii landarearena? Hori berreskuratzeko lanak egin behar dira? Habitat espezifikoen eboluzioa zein den aztertu daiteke, fauna zein flora espezie berezien egoera zein den ezagutu eta egin beharreko lanak aurrera eraman. Migrazio zikloak ikertu, landaredia berezia babesteko teknikak frogatu, espezie inbaditzaileen ugalketa kontrolatu, plano eta mapa berrien bidez ingurunea hobeto ezagutu eta kontserbaziorako balioko duen lan guztiak aurrera eramateko tresna izan nahi du ekimen honek.

Natura aldakorra da eta urtero beharrak aldatuz doaz. Guzti hau arretaz bideratzeko jarraipen batzorde bat sortzea proposatzen dugu, udaleko kideez eta ingurumen teknikariez osaturikoa. Batzorde hau, urtea hasi baino lehen bilduko litzateke eta datorren urteari begira ingurumen egitasmoari egokitzen zaion diru poltsa zertan erabiliko den aztertuko du. Ondoren nahi beste aldiz bilduko da jarraipena egin eta beharrizan berriak aztertzeko. Kontserbazio lan horiek egiteko 13.500€ bideratzea proposatzen dugu eta udalerrian barna kontserbazio lanak aurrera eramateko izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude