Gure hautagaiak
Zerrenda
Garoa Lekuona Izeta naiz eta 44 urte ditut.
Arrantzale familian sortua, Soroeta Berri, Tximista eta Amuten bizi izan naiz.
Zuzenbidean lizentziatua naiz eta Enpresa Kudeaketako eta Irakasleen Prestakuntzarako unibertsitate masterren tituluak ditut. Azken 12 urteetan, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterreko berrikuntza teknikaria izan naiz. Ama ere banaiz. Bidean, feminista naizela ere ikasi dut, 20 urterekin txilibitoa jotzea erabaki nuenean, oraindik ere ez banekien ere.
Gure herriak behar asko ditu urte askotako kudeaketa kaxkarraren ondorioz: alardearen pribatizazioa, kotxean oinarritutako mugikortasuna, etxegintza eredu elitista, euskararen gainbehera, kontrolik gabeko turismoa, arrantza eta merkataritza ekonomia zaurgarriak…
Behar guzti horiei sakontasunetik erantzun behar zaie, eta Hondarribiko EH Bildu da hori egiteko gai den talde politiko bakarra herrian, ideiak eta lehentasunak argi dituelako, pribatizazioak eta anbiguetateak albo batera utziz. Ni, nire aldetik, nire hoberena herriaren alde jarriko dut, Maite Dugun Hondarribia eraikitzeko.
Koldo Rodriguez Akarregi naiz, 46 urte ditut eta Alde Zaharrean bizi naiz. Lekeitiarra jaiotzez baina gaur egun Hondarribiar peto petoa. Gaztetatik hasi nintzen herrigintzan lanean. Lehenik gazte mugimenduan eta ondoren euskalgintzan, horretaz gain LGTBQ+ mugimenduko aktibista naiz. Gaur egun Seaskako langilea.
Herrian aldaketa gauzatu daitekeenaren ilusioak eta EH Bilduk politika egiteko duen moduak eraman naute zerrendan aurkeztera. Hondarribia ireki, euskaldun eta feminista bat amesten dut, eta horretara bideratuko ditut nire indarrak, herritarron Hondarribia eraiki eta indartzera.
Xabier Bengoetxea Erriondo naiz eta 38 urte ditut. Telekomunikazio teknikari gisa egiten dut lan eta Muliaten bizi den Puntaldarra naiz. Militantziaren grina etxetik jasotakoa, ondoren EHEetik hasi eta gazte mugimenduan: Gazte Xaia edo Herri Olinpiaden antolakuntzan zaildutakoa.
Momentu erabakigarria bizi du Hondarribiak eta EH Bildu da feminismoan eta euskaran aurrera egiteko berme bakarra. Borroka horietan bultzada ematen jarriko dut nire ilusioa.
Kotte Susperregi Aizpurua naiz, duela 54 urte Hondarribian, arrantzale familia batean sortua.
Badira 30 urte, hezkuntza formalean, zein informalean, lanean nabilela. Gaztetatik ibili naiz jardunean, gai sozial, politiko zein kulturaletan. Egun ere horrelako egitasmoetan murgilduta nabil. Feminismoa, hezkuntza, euskara eta gazteria dira, besteak beste, lehenesten ditudan gaiak.
Argi dut EH Bildu dela gai hauek, merezi duten dedikazioarekin eta ikuspegi nazionalarekin, lantzen ari den eta horrela jarraituko duen talde politiko bakarra; hori dela eta, zerrendaren parte izatea erabaki dut.
Olatz Ugalde Lujanbio naiz, 51 urteko hondarribiarra.
Foru Aldundian lan egiten dut, Gipuzkoako udalei aurrekontu eta ekonomiari buruzko aholkularitza emanez. EH Bilduko lantaldean arlo honetan ekarpena egiteko prest nago.
Bestalde, bi seme neraberen ama izanik, beraien etorkizuna kezkaz bizi dut. Izan ere, ez dute batere erraza izango Hondarribian bizitzea: etxebizitzen prezio garestia, lan merkaturik eza, Alardearen gaiak sortutako bizi giro ez osasuntsua, euskararen presentzia gero eta murritzagoa,…
Hondarribia euskaldunago, berdinzaleago eta herrikoiago bat amesten dut, eta horregatik EH Bilduren herri programan sinisten dut, aldaketarako motor bakarra baita.
Lur Mariskal Susperregi naiz, 20 urte ditut eta Puntal auzoan jaio eta bizi naiz. Duela urte batzuk hasi nintzen gazte mugimenduan, eta gaur egun ere bertan jarraitzen dut, bai herrian eta bai unibertsitatean ere; hala, mugimendu feministan ere banabil.
Pentsatzen dut Hondarribian badagoela zertan ekin eta zer aldatu, eta EH Bilduk honetarako duen gaitasunean sinesten dudalako aurkeztu naiz zerrendan; besteak beste, herriak feminismoa eta gazte ikuspegia beharrezkoa duelako.
Garikoitz Arroyo Vega naiz, 37 urteko herritarra. Jaiotzez Lur-Gorrikoa eta gaur egun Portuarra.
Institutuko irakaslea naiz eta herriko musika taldeen elkartean aritzen naiz. Herritarrok Hondarribian dauzkagun benetako arazoak konpontzeko beharrezkoa da aldaketa bat Udaletxean eta hori lortzeko aurkeztu dut neure burua.
Iosu Miren Goñi Maya naiz, 69 urteko euskaldun zaharra.
Aldea Zaharrean bizi naiz, Hondarribiarra. Arrantzale Jubilatua. Orain gutxi arte, pentsiodunen mugimenduan ibili naiz.
Orain, gustatuko litzaidake Hondarribia, herri abertzale, euskaldun eta feminista izatea.
Puy Sola Eslava naiz, 61 urteko irakasle jubilatu berria. Hondarribian jaio eta Puntal auzoan bizi naiz.
Badakit udalaren politika garrantzitsua dela etxebizitzaren arazoa konpontzeko, alarde publikoa berreskuratzeko, garapen jasangarria defendatzeko, gure diruaren eta erakundeen erabilera gardena bermatzeko, euskara eta kultura bultzatzeko…horregatik, EH Bildurekin bat egiten dut hauteskunde hauetan.
Koldo Elizetxea Imaz naiz, 50 urte ditut. Hondarribiko Amute auzoan jaio eta bizi den herritarra, gaztetatik eragile desberdinetan ibilitakoa, 5 urtez preso politikoa izana. Euskalgintzaren kontseiluan egiten dut lan azken 10 urtetan.
Herrigintza lantzeko garaia dela uste dut, auzoekin, gazteekin, jubilatuekin, kirolariekin… Euskara ere dagokion tokitik nahiko urrun dagoela uste dut. Hau guztia EH Bilduk ekarriko digula uste eta sinisten dut, erabat barneratua duelako lanketa eta herria egiteko modu hau.
Ekhiñe Alza Goenaga naiz, 21 urte ditut eta Alde Zaharrean jaio nintzen arren txikitatik Amute auzoan bizi naiz.
Nahiko gazte nintzela hasi nintzen gazte mugimenduarekin lotura izaten eta gaur egun ere bertan jarraitzen dut, bai herrian, eskualdean, unibertsitatean eta mugimendu feministan ere.
Hondarribian gauza asko daude egiteko eta aldatzeko denon ongizaterako, eta EH Bilduk behar hauei erantzuteko gaitasuna du eta horregatik aurkeztu naiz zerrendan; herriak feminismoa behar duelako gazte ikuspegi batetik ere.
Josune Gómez Lago naiz, 64 urte ditut eta Amuten bizi naiz.
Munduko biztanlea sentitzen naiz, baina dakidan euskara Hondarribian ikasi nuenez, Hondarribian bizitzea erabaki nuen nire burua euskalduna sentitu nahi dudalako.
Fisioterapeuta eta graduondoko irakaslea naiz, onkologian espezializatua, betidanik pertsona eta animalien sufrimenduarekin oso sentibera.
EH Bilduren politika egiteko modua gizakia eta naturaren ongizatearen alde sentitzen dudan ezkero, ilusio haundiz zerrendan sartu naiz, amets batekin: Hondarribiko hiria eta landa eremuan bizi garen bai pertsona eta bai animaliak, beste herrientzako eredu bihur gaitezela.
Nire izena Enar Agirre Oregi da eta 41 urte ditut. Hondarribiko Jaizkibel etorbidean bizi naiz.
Nekazari Ingeniari Teknikoa naiz eta Bigarren hezkuntzako Teknologia irakaslea.
EH Bilduko zerrendan noa aldaketa bat behar duelako herriak eta aldaketa hau ekarriko duen talde politiko bakarra EH Bildu dela uste eta sinisten dudalako.
Denok badakigu herri turistiko bat dela, baina turismo “mota” guztientzat izan behar ditu herri honek ateak zabalik. Beste alde batetik, herritar guztien nahiak eta beharrak asetzen saiatu behar da (gazte, heldu, zahar, neska, mutil…).
Carlos Gebara Urkiola naiz eta 61 urte ditut. Arte Historian Lizentziatua Bartzelonako Unibertsitatetik, telebistako anbientadorea naiz lanbidez. Akartegin bizi den Mendelutarra. Bi emakume gazteen aita izanda, oso kezkatuta ikusten dut ze aukera gutxi eskaintzen duen gure herriak gazteak beren bizi proiektuak garatzeko bertan, etxebizitzaren garestitzea dela, turismoak dakarren akulturazioa eta identitatea galtzea dela, berdintasun falta dela, kontsumismora bideratzen ez den aisialdiaren existentziarik eza dela eta abar.
Independentista independentea. Udal politikan aritua Hondarribiko zinegotzi moduan. Urte horietan konturatu nintzen gure Udal Gobernuak urte gehiegi daramatzala talde berberaren esku, honek dakarren inertzia, gogogabekeria eta ideia berri faltarekin.
Hondarribiko EH Bilduk osatu duen zerrenda, bide berri horiek elkarrekin, lankidetzan ibiltzeko aukera ezin hobea eskaintzen duela uste dut.
66 urte. Eraikuntzako behargina, psikologoa, unibertsitateko irakaslea, Portaera Zientzien Metodologia doktorea, UEUko zuzendaria, Gaindegiako lehendakaria, legebiltzarkidea Gasteizen eta, azkenik, zinegotzia Hondarribian.
Erretretan dagoen euskaldun euskaltzalea. Oraindik orain, itxaropena baitaukat EH Bilduko lagunduko duela euskara normalizatzen.
Idoia Aginagalde Olaizola naiz, 49 urte ditut. Hondarribikoa naiz eta egun Muliate auzoan bizi naiz. Ostalaritzan lan egiten dut.
EH Bilduren aldeko bozka beharrezkoa ikusten dut Hondarribia herri euskalduna, feminista eta ezkertiarra izan dadin.
Usetxe Mendikute San Miguel naiz, 33 urte ditut eta ikus-entzunezko ekoizlearen ikasketak burutu nituen Bartzelonan.
Amuten jaio eta Portuan bizi izan naiz. Asko maite dut gure herria baina arazo asko ikusten dizkiot: etxebizitza bat izateko ezintasuna; gazteen arteko euskararen erabilera exkaxa; herriaren turistifikazioa; Euskal kulturaren egoera; garraio publikoa mugatua; memoria historikoa ezin gauzatua… eta azken honekin lotuta zera adieraziko dut: “Memoriarik gabeko Herria identitaterik eta etorkizunik gabeko herria bihurtzen da”. EH Bilduk Hondarribia hobetzeko herritarrei entzungo diela badakit eta lehen esandako gai guztiak landuko dituela. Beti herritarrak kontuan hartuz! Abante Hondarribia!
Uxue Kriado Nieto naiz, 28 urteko gazte hondarribiarra, herri honetan jaio eta, betidanik, bertan bizi izan dena. Haur Hezkuntzako irakasle-ikasketak egin nituen Eskoriatzako fakultatean, eta lan horretan aritu naiz gradua amaitu nuenetik. Horretaz gain, euskara irakasle ere banaiz, eta, gaur egun, AEKn dihardut. Hain zuzen ere, horra bideratzen ari naiz nire ibilbide profesionala, euskararen irakaskuntzarantz. Herri mugimenduari dagokionez, zenbait taldetan aritutakoa naiz; hala nola gazte mugimenduan eta talde feministan.
Hondarribiak hainbat arlotan aldaketa sakona behar duelakoan nago: turismo eredua, gazteak, emantzipatzeko adina… Halaber, euskarak gure herrian duen egoerak kezkatzen nau, baita feminismoaren gaiak ere. Sinetsita nago auzi horiei guztiei heldu eta herritarron mesedetan aldaketak egingo baditugu, EH Bilduren bitartez izango dela.
Karlos Santiago Etxeberria naiz. 65 urte dauzkat eta erretiratuta nago. Lehenago irakaslea izan naiz EHUn.
Nire ustez, Hondarribiko egoera penagarria hobetzen, eragin dezakeen indar politiko bakarra EH Bildu da. Hain zuzen ere, euskarari, garapen jasangarriari, etxebizitzari eta udal kudeaketari dagokienez. Nere ekarpena euskararen eremuan egin dezaket.
Borja Arietaraunabeña Ibáñez naiz, Portugaletekoa jaiotzez baina orain dela 20 urte Hondarribira etorri nintzen bizitzera, beraz hondarribiarra naizela esan dezaket.
Laborategiko teknikaria naiz eta Bidasoako ospitalean lan egiten dut. Herri mugimenduei dagokionez Hondarribiko Gure Esku-ko kidea izan naiz.
EH Bildu zerrendan nago Hondarribiak hartu duen norabidea (euskara, herri eredua, gizarte politikak…) aldatzeko modurik onena EH Bilduk planteatzen dituen politikak direla sinetsita nagoelako. Eta udaletik Euskal Herriaren burujabetzaren alde borrokatzen duen partidu bakarra EH Bildu delako.
Guzti honetarako nire ekarpena egitea espero dut.
Alardearen ondarea berreskuratu eta Hondarribiar guztion Alardea izan dadin EH Bilduko Lantalde Feministak egiten duen proposamena da honakoa.
Oharra: Irekia den lana izanik, litekeena da bertsio ezberdin bat eskuartera iritsi izana. Blogeko sarrera honetan aurkituko duzu azkeneko bertsioa.
HONDARRIBIKO ALARDEA – Araudia
Bidenabar, Araudia errezago ulertzeko antolatutako hitzaldia eta erabilitako diapositibak ere hemen uzten ditugu.
ALDAKETA ILUSIOTIK
Hondarribiko Euskal Herria Bilduk 20 emakume eta gizonez osatutako zerrenda aurkezten du. Zerrenda anitza, gaztea, profesionala eta esperientziaduna.
Zerrenda osatzerakoan kontutan hartu dira genero ikuspegia, adin tarte ezberdinak, auzo guztien presentzia, herri mugimenduekiko lotura eta hiriarekiko konpromezua.
Zerrenda honen helburua herrian sakontasuneko aldaketak bideratzea da, ilusiotik. Hondarribia herritar guztion artean eraikitzeko bidea zabaltzea dugu helburu, egungo udal zurrunetik herritarron udalerako bidea egitea.
Aldaketa hori errealitate bihurtzeko, Hondarribiko EHBILDUk 5 ezaugarriko hiria irudikatzen du:
Ondokoek osatzen dute, ilusioari bide eginez herritarrekin batera hiria aldatzeko lantaldea.
1. Garoa Lekuona Izeta
2. Koldo Rodriguez Akarregi
3. Xabier Bengoetxea Erriondo
4. Kotte Susperregi Aizpurua
5. Olatz Ugalde Lujanbio
6. Lur Mariskal Susperreg
7. Garikoitz Arroyo Vega
8. Iosu Miren Goñi Maya
9. Puy Sola Eslava
10. Koldo Elizetxea Imaz
11. Ekhiñe Alza Goenega
12. Mª Jesus Gomez Lago
13. Enar Agirre Oregi
14. Carlos Gebara Urkiola
15. Xabier Isasi Balanzategi
16. Idoia Aginagalde Olaizola
17. Uxue Kriado Nieto
18. Karlos Santiago Etxeberria
19. Borja Arietaaraunabeña Ibañez
20. Usetxe Mendikute San Migue
Beste urte batez, Hondarribiko EH Bilduk emakumeon eskubideak aldarrikatzeko adierazpen irmoa egin nahi du martxoak 8aren atarian, herriko instituzio gorenetik, udaletxe honetatik bertatik.
Beste urte bat, Hondarribiko udalak sinatu arazi nahi duen EUDELen adierazpenean jasotzen diren konpromisoak betetzen ez dituela eta Bilgune Feministak proposatzen duen zaintza sistemarako tresnei muzin egiten diela.
Beste urte bat berdintasun sail eta teknikaririk gabe.
Beste urte batez, ez dugu Hondarribiko udalak proposatu duen adierazpena sinatuko, naiz eta adierazpenarekin berarekin ados egon; hitzetatik ekintzetara pasatzeko gai ez den gobernu baten zuriketan ez dugu parte hartuko.
Beste urte batez, batek zein bestek kea besterik saldu nahi diguten honetan, Hondarribian, emakumeon eskubideak lortzeak konpromisoa eta ekintza eskatzen du, instituzioetan, lanean, kalean, jaietan… eta hor aurkituko duzue EH Bildu.
Gora borroka feminista!
Boomerrak, X belaunaldia, Milenialak, Z belaunaldia… 25 urtero mundura belaunaldi berri bat dator, mundura bezala, Hondarribira ere. Gure herrian azken belaunaldiak ez du aukerarik izan herriko jaiak bakean eta berdintasunean bizitzeko. Hondarribiko EHBilduk argi ikusten du arazoa konpontzeko ardura instituzioena dela. Arazoa udalak sortu zuen, legeari iskin egiteko herriko jaiak esku pribatuetan utziz eta, horrexegatik, soluzioa udalak eman behar du. Herriko jaiak herrira bueltatzeko lan egin behar dugu, beste herri askotan egin bezala (Donostia, Tolosa, Lesaka…), legea eta etorkizuneko belaunaldien nahia errespetatuz, pertsona guztion artean gure festak ospatu ditzagun.
Aurtengoan, ordea, gure omenaldi eta esker ona adierazi nahi diegu, duela 25 urte Hondarribiko kalean, Rosa Parksek Alabamako autobus haren eserlekuan edo Kathrine Switzerrek Bostongo maratoian egin bezala, gure herrian ere pertsona direla aldarrikatu eta inor baztertu edo kendu gabe haien tokia hartzen saiatu zirenei. Etorkizuneko belaunaldien eredua zarete, horregatik jarri nahi izan zaituztegu merezi duzuen tokian.
Bigarren olatuaren gorrian herrian pandemiaren inguruan egiten ari garen jarraipen lanketaren inguruko zuzenekoa.
Nazio mailan arazoa nola kudeatzen ari den aztertu eta kontestua pixkat esplikatu ondoren, herriko egoera aztertzeari ekin genion.
Hondarribiko udaletxeko sail ezberdinak 2021 urtean edukiko dituzten beharrizanak aurkezten hasiak diren honetan, aurrekontuen negoziaketen atarian gaudela gogorarazten digu. Gauzak horrela, Hondarribiko EHBildutik 2020ko aurrekontuen proposatutako programen balorazioa egiteko asmotan gaude. 2020 urterako aurkeztutako proposamenak hauek izan ziren:
1.-Mariñel itsasontzia kultura-ondarea izendatzeko 2.500 €
2.-Enrike Lekuona ikerketa beka 12.500 €
3.-Kataluniako Cadaqués udalerriarekin senidetzeko proiektua 4.000 €
4.-Aldaketa klimatikoaren aurkako plana (sentsibilizazioa). 18.000 €
5.-Roke Mendez eta Jose Luis Mondragon oroimen harria 2.000 €
6.-Emakumea eta itsasoa ikerketa beka 7.000 €
7.-Musika Eskola antolaketa eredua aztertzeko proposamena 18.000 €
8.-Jaizkibel-Jaitzubia ingurumen egitasmoa 13.500 €
9.-Berdintasun teknikaria kontratatzeko 60.000 €
Hauetatik hiru onartu gabe geratu ziren, guk erretiratuta edo kontrako bozka jaso zutelako. Cadaquesen senidetze proiektua, Roke Mendez eta Jose Luis Mondragonen oroimen harria eta berdintasun teknikaria bideratzeko programak. Aipatu behar da, Roke Mendez eta Jose Luis Mondragonen programan, gaia bizikidetza batzordean lantzeko utzi genuela eta ekainak 18ko ohiko udalbatzan “gertatutakoaren inguruan aztertzen jarraitzeko eskakizuna” bideratu genion gaia aztertzen ari den Eusko Jaurlaritzako bake eta bizikidetza idazkaritzari. Eskaera edo mozio hori aho batez onartua izan zen.
Proposamenetik sei programa onartu egin ziren:
Mariñel itsasontzia eta Enrike Lekuona beka. Bi programa hauek Arma Plaza Fundazioak kudeatzen ditu eta bertako patrono ere bagarenez, programa onartzeaz gain, hauen lanketa gertutik jarraitu dugu, bertako teknikariak lagunduz eta momentuko beharrizanei aterabideak eskainiz ( burokrazia
lanekin lagunduz, familiarekin harremana mantenduz eta erabakiak kontrastatuz…) Mariñel itsasontziaren eraberritze lanen kontratazioa abuztuan gauzatu zen.
http://www.hondarribia.eus/eu/-/-marinel-ontzia-birgaitzeko-lanak-hasi-dira
Eta Enrike Lekuona beka berriki onartu eta plazaratu da.
Ingurumen sailak berriz, bere gain hartu ditu Jaizkibel-Jaitzubia egitasmoa eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko plana. Gure partetik nahi baina jarraipen txikiagoa eginda ere (pandemia bat tarteko) bertako teknikariak aurretik kabidarik ez zuten proiektuak aurrera ateratzeko baliatu ditu eta aurten,
programarekin aurrera jarraitzea pentsatu dugu.
Musika eskolaren kasuan, bertan bizi duten blokeo egoera gogorretik ateratzeko gure saiakera egin
dugu. Urte honetan zehar aurrekontuen garaian negoziatutako programa baliatuz irakasle, alderdi eta beste herrietako zenbait profesionalek parte hartutako bilerak dinamizatu ditugu. Asmoa ikasturte amaierarako aterabide bat adostea zen, baina, pandemiak eta kontsentsu ezak behartuta, hastapenetan zehaztu bezala, prozesua agortu egin da. Laster, prozesuan ikasitakoen ondoren, gure proposamena mahai gaineratuko dugu musika eskolaren zerbitzuen karta aurkeztuz.
Guzti hau kontutan hartuta, pozik egoteko arrazoiak ditugu. Hasieratik aurkeztutako programa ia guztiak, modu batean edo bestean, aurrera eramatea lortu dugu. Gainera, zera azpimarratu nahiko genuke, negoziatutako programa gehienak exekutatu egin direla osorik ez bada partzialki eta hori gure udalean ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Gaur betetzen dira 382 urte inperio arrotzek gure herrira ekarritako gerraz libratu ginenetik.
Gaur betetzen dira 381 urte hori ospatzen dugunetik.
Gaur betetzen dira 23 urte Hondarribiko herriak alarde publiko bat ez duenetik.
Gaur betetzen dira 24 urte genero ezberdinetako pertsonak alardean parte hartzen saiatu eta aukera ukatu zitzaienetik.
Garaia da atzera begira baina, aurrera begiratzeko, bizitzeko, gozatzeko.
Gure herrian alarde:
Publiko
parekide
eta bakarra.
Hondarribiko EHBildu
2020ko irailaren 8an, Hondarribian.