2020-04-18 Zuzeneko emanaldia

Covid19ak sorturiko krisia hasi denetik denoi aldatu zaigu egunerokoa. Harremanak zaildu egin dira eta bilerak, udalean edo militanteen artean, egitea ezinezkoa da. Informatuta egoteko zailtasunak nabariak dira, naiz eta, udalean ditugun tele-bilera bidez hala nola informatuta mantentzen garen eta gure jardunarekin jarraitzen dugun.

Zuek ongi informatuta mantentzea izan da erronka oraingoan. Herritarrak eta EHBilduren komunitatea informatuta mantentzeko saiakera berezia egin nahi izan dugu, esku artean dugun informazioa helarazi eta zuekin partekatzeko asmoz. Horretarako esperimentu bat egiteari ekin diogu eta Youtube plataforman zuzeneko bat egin dugu zuengana iristeko asmoz. Esperimentuak emaitza onak izan ditu, hartu-emana mantendu dugu eta aurrera begira ere jarraitzeko tresna egokia dela iritzi dugu, beraz, ez da azkeneko saioa izango. Eskerrik asko, modu batean edo bestean, parte hartu duzuen guztioi eta saioa ikusi nahi duzuenontzat gure katean saioa gordeta utzi dugu.

Informatzen jarraituko dugu. Laster arte!

HONDARRIBIKO EMAKUMEZKO ETA GIZONEZKOEN ARTEKO I. BERDINTASUN PLANA EGITEKO URRATSAK

ZIOA

Joan den urteko (2019) martxo eta ekaina bitartean egin zen Emakumezko eta Gizonezkoen arteko Berdintasunari buruzko Diagnostikoa Hondarribian (dokumentua erdaraz bakarrik aurkeztu zen).  Dokumentu hura oinarri jarrita idatzi zen  gero Hondarribiko Emakumezko eta Gizonezkoen arteko I. Berdintasun Planaren aurreneko zirriborroa (hau ere erdaraz bakarrik). EH Bilduk zirriborro hari egindako zuzenketak eta ekarpenak aurkeztu genizkion; 2019ko azaroan jaso genituen gure zuzenketa eta ekarpenei emandako erantzunak. Orduz geroztik berririk ez.

MOZIOA

2019-2023 legealdiko planik gabe, agintaldiko planik gabe, ez dakigu I. Berdintasun Plana gauzatzeko prozedura noiz eta nolakoa izango den. Horiek horrela, mozio honen bitartez, ondorengo eskakizunak luzatu nahi ditugu:

  1. Berdintasun teknikaria lanpostua sortu eta langilea kontratu ahalik azkarren, teknikariak I. Berdintasun Plana egiteko lagundu dezan.
  2. Berdintasun Plana eztabaidatzeko eta onartzeko egutegia argitu eta egin beharreko jarduera esanguratsuak zehaztu.

 

 

Hondarribian 2020ko otsailean

2019-2023 LEGEALDI PLANARI BURUZ

ZIOA

Joan den urteko (2019) maiatzaren 26an egin ziren Udal hauteskundeak; ekainaren 15ean eratu zen udal berria eta alkatea aukeratu. Udalbatza hartan alkate hautatu berriak honakoak esan zituen: Gobernantza onaren printzipioak erabili nahi ttugu gure zerbitzua hobetzeko: zuzentasun instituzionala, gobernu irekia eta efizientzia. Horretarako abian jarriko dugu herritarrek parte hartzeko dabeneko onartua dugun plangintza, eta Udalaren antolaketa hobetzeko kudeaketa-eredua sendotzearekin batera, pertsonalari eta kontratazioari buruzko hitzarmena adostea proposatuko diegu beste udal taldeaki. Hitz haietatik sei hilabete luze igaro ondoren aurkezten dugu hurengo mozioa

MOZIOA

Hondarribiko Udal Gobernuari, oro har, eta Alkateari, zehazki, eskatzen diegu:

  1. 2019-2023 legealdiko plana edo agintaldiaren egitasmoa argitaratzea eta azaltzea.
  2. Alkateak eraketako Udalbatzan iragarritako pertsonalari eta kontratatzioari buruzko hitzarmena aurkeztea berau adostu ahal izateko.
  3. Hondarribiko udaleko Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna eta Lankidetza saileko behar diren lanpostuak sortzea eta lanean ari diren lagileen egonkortasuna Kontuan hartuz langile biri ekainean amaitzen zaiela kontratua.

 

 

Hondarribian 2020ko otsailean

Ohiko Udalbatzak: osoko bilkuren eguteagiari buruzko proposamena

Joan den urtean, ekainaren 15ean osatu genuen gaur bildu dugun udalbatza. Geroztik 7 hilabete pasa dira eta legealdi berrian 7 aldiz batzartzeko aukera eduki dugu. Asko dirudi, baina, burokraziak hala aginduta egindako hiru bilkura (bat udalbatza eraketa, bi udal talde politikoen eraketa eta ordezkaritzen zehaztapena eta hiru azaroaren 10eko hauteskundeen mahaien eraketa) kenduta erabakiak hartu eta eztabaidatzeko 4 bilkura egin ditugu soilik, aurrekontuak tarteko.

Oposizioko kiden garen heinean udal gobernuak markatzen duen agendaren baitan lana egitea dagokigu eta udalbatza honetara proposamenak ekartzeko modu bakarretakoa ohiko udalbatzetan mozioak aurkeztea da.

2019-06-24ean hemen bertan egindako bilkuran 5. puntuak hala zion: “Udalbatzaren osoko bilkuren maiztasunari buruzko proposamena”. Alkate jaunak egindako proposamena entzun ondoren EH Bildutik gure dudak adierazi genituen. Proposamena ohiko udalbatzak hilabete bikoitietako azken ostegunetan egitea izanik eta abuztuan zein abenduan egingo ez zela entzun eta gero, markatutako minimoak nola beteko ziren galdegin genuen. Alkate jaunak abuztuko bilkura egin izan dela aipatu zuen, edo bestela, jaiak bukatu ondoren egiteko aukera ere proposatu zuen. Abenduan berriz, aurrekontuen udalbatza egon ohi dela aipatu zen, baina, azkenaldian azarora aurreratzea erabaki denez, abenduan biltzeko aukera genuela ulertu genuen. Ez bat eta ez beste.

Gaurkoa dugu, zazpi hilabeteren ondoren, legealdiko bigarren ohiko udalbatza. Proposamenak pilatu egiten zaizkigu eta ezin dugu gure jardunari normaltasunez ekin. Gaurkotasunak hala behartuta askotan proposamenak egiteko aukerarik gabe geratu izan gara. Udal honetako errealitatean eragiteko organo nagusia da udalbatza eta ohiko bilkurak oposizioaren proposamenak aurkezteko aukera bakarra.

Beraz, 2020rako agenda bat adostea proposatzen dugu mozio honen bitartez. Lehenengo bilkura egiten ari garen hau izanik, otsailak 27koa, hurrengoa apirilaren 26an egitea proposatzen dugu. Ondoren ekainaren 25a, urriaren 29a, irailaren 3a eta abenduren 17a izango lirateke. Hala onartuko delakoan proposamena udalbatzari bideratzen diogu mozio honen bitartez.

 

Hondarribian, 2020ko otsailaren 18an

Aurrekontuen inguruko gogoetak

Udal ekipo berriaren lehengo aurrekontuak izan dira abenduan negoziatutakoak. Aurten gainera berrikuntzekin etorri da aurrekontuen izapidea. Kontu-hartzaileak hala eskatuta  eta legeari jarraiki orain arteko ohiturak albo batera utzi eta modu eraginkorrean ekin behar izan diogu legealdi berriari. Aldizkari honekin pedagogia egitera ere bada gure asmoa eta instituzioak herriari gerturatuz, egindako lana hobeto ulertzeko eta militantzia ahaldundu asmoz, aurrekontuak nola bideratu diren esplikatzen saiatuko gara:

  1. Udaleko sail bakoitzak aurrekontu proiektua aurkezten dute.
  2. Kontua hartzaileak lehenengo zirriborroa aurkezten du ogasun batzordean.
  3. Udal taldeek zuzenketak aurkezten dituzte ogasun batzordean
    1. Osoko zuzenketak (egingo balira udalbatzan bozkatzera doaz zuzenean)
    2. Partzialak (programa berrian edo daudenak egokitzea)
  4. Ogasun batzordea berriz biltzen da eta aurrekontuak eztabaidatzen dira udal taldeen artean.
  5. Kontu hartzaileak bigarren zirriborro bat aurkezten du
  6. Bigarren zirriborroa udalbatzara eramaten da eta berau bozkatu dadin.
    1. Osoko zuzenketarik balego, lehenengo hori bozkatzen da eta irabaziko balu prozesua berriz hasten da.
    2. Ez badago osoko zuzenketarik bi txandatan onartuko da urte horretako aurrekontua.
      1. Kontu hartzaileak landutako bigarren zirriborroa bozkatuko da, zeinak alderdiek negoziatutako zuzenketak jasotzen dituen.
      2. Negoziaketan aipatu diren, baina, onartu ez diren zuzenketak bozkatzen dira. Baina, proposatzen diren zuzenketak aurkezten dituenak koadratu behar ditu, alegia, bere zuzenketak aurrera ateratzeko behar duen diru kopurua nondik kenduko duen argudiatu behar du, urte horretako aurrekontua koadratuta utzi ahal izateko. Hauek aurkeztu eta bozkatzen dira.

Hemen duzue alderdika aurkeztutako zuzenketen kopurua, zuzenketa bakoitzak egindako bidea eta orotara onartutako diru kopurua.

 

Alderdia Aurkeztutako zuzenketa kopurua Atzera ekarriak Kontrako bozka jasotakoak Onartuak Aurrera egingo duten zuzenketen ehunekoa Onartutako diru zuzkidura
PSE 59 29 22 9 %64,4 124.000€
Abotsanitz 47 9 34 4 %31,9 27.000€
EH Bildu 9 2 1 6 %77,7 61.500€

 

Aurrekontuen inguruan bi hausnarteka nagusi egin ditzakegu:

  1. Beste alderdiekin alderatuz, zuzenketak molde ezberdinean jorratu ditugu proiektuak aurkeztu eta lantzerakoan. Ekipo berriko lehenengo aurrekontuak izanik, aurkeztu ditugun zuzenketak urtetarako lanketa bidea irekiko duten proiektu sakonak lantzen saiatu gara, adibiderako, bi urtean behin itsasoa, ondarea eta euskararen inguruan onartu den Enrike Lekuona beka, musika eskolako gatazka bideratzeko proiektua edo urtero Jaizkibel-Jaitzubia eremuan kontserbazio ekintzetarako bideratuko den zuzkidura. Zuzenketa bakoitza txosten batekin aurkeztu dugu (gure blogean dituzue ikusgai) eta ondorioz lan sakona dago bakoitzean.
  2. Udal talde bakarra izan gara 2020ko aurrekontuak molde berrian negoziatu eta egikaritzen saiatu dena. Aurrekontuen negoziaketa hasi baino lehen, kontu-hartzaileak prozesua nola bideratuko zuen adierazi zigun. Lehen aipatu bezala prozesua jarraitzen saiatu gara eta, nahiz eta berdintasun teknikaria edukitzeko proiektua ez zitzaigun onartu, bigarren errondan aurkeztu genuen zuzenketa bakarra izan zen eta, legeak dion moduan, zuzenketak aurrera ateratzeko, eta aurrekontua kuadratuta uzteko, dirua zein puntutik kenduko genuen ere proposatu genuen. Bigarren erreplika horretan adierazitako argudioak gure blogean

Ondorioz, 2020ko aurrekontuak ez dira guk aurkeztuko genituzkeenak. Kontserbadoreak iruditzen zaizkigu, ausartagoak beharko lukete eta ikuspegi sozialetik falta nabariak dituela uste dugu. Garrantzia berezia du guretzako aurrekontuetan diseinatu den proposamena egikaritzea eta bertan zerrendatu diren diru zuzkidura guztiak burutu eta agortzea. Horretan jarriko dugu indarra eta lanean jarraituko dugu udalerri hobeago baten alde.

ETXEZ ETXEKO LANGUNTZAN DIHARDUTEN LANGILEEN ESKAEREKIN BAT

Jakin berri dugu Hondarribiko etxez etxeko laguntzan diharduten langileek greba deialdia iragarri dutela. EH Bilduk bat egiten du langileen eskaerekin. Enpresari eskatzen diogu langileen oinarrrizko eskaerak onartzea eta indarrean jartzea. Era berean eskatzen diogu Hondarribiko Udal Gobernuari behar besteko urratsak egin ditzala langileen eskubideak eta eskakizunak betetzeko.

Hondarribian 2020ko urtarrilaren 20an

LAN-PENTSIO-BIZITZA-DUINAREN ALDEKO GREBA BABESTEKO URTARRILAREN 30ean

Urtarrilak 16ko bozeramaile batzordean udal gobernuari, zein oposizioko gainontzeko alderdiei, Urtarrilaren 30ean egingo den greba orokorra babestu eta bertan parte hartzeko gonbiteaz  gaindi, ondorengo testua babesteko eta onartzeko eskatu zaie:

Duela sei urte, sindikatu eta eragile sozial ugarik herritarren eskubide sozialak biltzen dituen Karta osatu zuten, prozesu parte-hartzaile baten bidez. Orduz geroztik eskubide horien aldeko ekimenak antolatu ditu. Bestetik, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen; bide horretan, pentsioen eremuaz gaindi, modu zabalagoan “planto” egiteko beharra plazaratu dute, euren aldarrietatik harago joateko asmoz.
Orain, aipatu planteamenduaren haritik, mugimendu bien arteko konfluentzia eman da, pentsiodunen eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren artekoa, alegia, lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokari aurre egiteko. Konbentzimendu hirukoitz batek batu ditu: batetik, pentsioena denon afera da, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa da; azkenik, eskubide sozialak bermatu behar dira. Finean, bestelako eredu sozio-produktiboa eraiki behar dugu, bizitza erdigunean jartzeko, zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emanez. Ezarriak dituen ardatz nagusiekin bat egiten dugu, alegia: aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa, eskubideen unibertsaltasuna, euskararen normalizazioa, lurraldeen arteko oreka, jendartearen beharren arabera antolakuntza (lehen sektorea, azpiegiturak, merkantzien eta garraio sektorea…). Horregatik, Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimendurekin batera adostu duen Adarrikapen Taularekin bat eginez, ondorengo ebazpen  roposamena aurkezten dugu.

EBAZPEN PROPOSAMENA
Horiek horrela, Hondarribiko Udalak:
1. Lan- pentsio- eta bizitza-duinaren aldeko grebari bere atxikimendua adierazi nahi die.
2. Lan- pentsio- eta bizitza-duinaren aldeko greba egin ahal izateko erraztasunak eskainiko dizkie Hondarribiko Udaleko langileei.
3. Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimendurekin batera adostu duen Adarrikapen Taularekin bat egiten du, eta horregatik,

a. Madrilen osatu den Gobernuari eskatzen dio
 2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio-murrizketak
indargabetzea.
 Zapateroren eta Raxoiren lan-erreformak bertan behera uztea.
 Presazko izaeraz Seguritatse Sozialaren eta Enplegurako Politika
Pasiboen gaineko eskumenak transferi ditzala.
b. Gasteizeko Jaurlaritzari eskatzen dio:
 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko neurriak presazko izaeraz ezar ditzatela.
 Hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko neurriak abiatu ditzatela.
 Hitzarmen kolektiboetan ultraktibitate mugagabea eta herrialdeko hitzarmenen aplikazioa estatu mailako hitzarmenen gainetik lehenetsiak izan daitezen sustapen lana burutu dezatela.
 Lanera bizirik itzultzeko eskubidea bermatzea.
 Lan Ikuskaritzako plantillak handitzea, Europar Batasunekoekin parekatu arte, eta lan-istripuen eta laneko gaixotasunen aurkako ekintza planak abiatzea.
 Lan-harremanetarako eta babes-sozialerako esparru propioaren aldeko neurriak abiatzea.
c. Erkidego eta Lurraldeko Gobernuei eskatzen die
 Gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala eta pentsio-arrakala amaitzeko neurri zehatzak aktibatu ditzatela.
 Enplegu egonkorra sustatzea eta kontratazioan ematen den iruzurra zigortzea.
 Soldata gutxitu gabe lanaldia 35 ordura jaisteko neurriak abiatzea.
 Bereziki emakumeei ezartzen zaizkien lanaldi partzial inposatuak ezabatzea.
 Zerbitzu publikoak garatzea, ezarritako murrizketak atzera
botatzearekin batera.
 Kontratazioan sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexu-identitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia-jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzea.
 Klausula sozialak ezartzea administrazioko kontratazio guztietan.
4. Hondarribiko Udalak adostutako ebazpen hau Jaurlaritzari, Gipuzkoako Aldundiari eta Euskal Herriko Karta Sozialari helaraziko zaie.

Hondarribian 2020ko urtarrilaren 15

Aurrekontuen zuzenketa proiektuak

Jarraian Hondarribiko EHBildutik zuzenketetan aurkeztutako proiektu bakoitza zerrendatzen dugu eta  izenburuan klikatuz, aurkeztutako txosten osoa ikusteko aukera duzu. Ostegunean (azaroak 28) aurrekontuen inguruko udalbatza dugu eta hauek dira proposatu ditugun gaiak:

 

1.-Mariñel itsasontzia kultura-ondarea izendatzeko 2.500 €
2.-Enrike Lekuona ikerketa beka 12.500 €
3.-Kataluniako Cadaqués udalerriarekin senidetzeko proiektua 4.000 €
4.-Aldaketa klimatikoaren aurkako plana (sentsibilizazioa). 18.000 €
5.-Roke Mendez eta Jose Luis Mondragon oroimen harria 2.000 €
6.-Emakumea eta itsasoa ikerketa beka 7.000 €
7.-Musika Eskola antolaketa eredua aztertzeko proposamena 18.000 €
8.-Jaizkibel-Jaitzubia ingurumen egitasmoa 13.500 €
9.-Berdintasun teknikaria kontratatzeko 60.000 €