Cadaques – Hondarribia senidetzea

Bada bide bat Cadaques eta Hondarribia batzen duena. Bi herriotako itsasargietatik hasten den bidea da hau. Bi herriok mendia eta itsasoak bat egiten duten kokalekuan daude. Batak Mediterraneo itsasoa du aurrean, besteak Kantauri itsasoa eta biok dugu gure bizkarraren zaindari bera, Pirinio mendi-lerroa.

Ekonomikoki mendia eta itsasoa ustiatuz bizi izan gara urte luzez. Gure herritarrak lan horiek maitatu eta sufritu dituzte, herriari berari nortasun berezi bat emanez. Gaur aldiz bi herrietara datoz bisitari asko eta turismoa da gure motor ekonomiko nagusia.

Artistentzako txoko bereziak izan direla ere esan genezake, izen handiak tarteko: Nestor Basterretxea edo Salvador Dali kasurako.

Zerk egiten ditu hainen erakargarri gure inguruak? Ba Cap de Creus edo Jaizkibel bezalako natur-gunerik gabe, gure herriak ez lirateke oso izango. Biak, dira mendi zein itsaso, garrantzia handiko gune naturalak eta parke natural forman edo natura 2000 sarearen bitartez babestuta daude. Urpekaritza egiteko toki zoragarri eta aberatsak dira, bietan aurki ditzakegu kala ezkutu eta ederrak edo mendi irteera bikainak egin.

Baina berezitasunetan aipagarriena natura, eta bereziki florari dagokionez, biok dugu gure inguruan bakarrik bizi den landare endemiko bat. Cap de Creus inguruan Seseli Farreñi landarea dugu eta Jaizkibelen Armeria euscadiensis. Oso bereziak eta urriak diren bi espezie endemiko, gurekin harremanean bizi direnak eta gure zaintza eta ardura eskatzen dutenak.

Zaintza eta ardura eskatzen du ere gure kulturak eta, batez ere, gure hizkuntzak. Bertakoak edo endemikoak dira biak eta bi hizkuntza nagusiren artean (Frantsesa eta Espainiera) landareak bezain babesgabe daudenak. Bi herrioi hizkuntzak identitate bat ematen digu eta izate hori babesteko senidetzen gara.

Bada bide bat Cadaques eta Hondarribia batzen duena. Bi herriotako itsasargietatik hasten den bidea eta GR11 du izena. Bide honek bi itsaso batzen ditu, bi natur paisai ezberdin zein aberats eta bi kultura txiki eta oparo. Pirinioak dira gure izaera eta izatea batzen duen tokia eta bidean beste hainbat aurkitu ditzakegun arteria. Bi herri, bi nazio, bi hizkuntza eta bide bat.

Horregatik erabaki dugu Cadaques eta Hondarribiak senidetzea, bidean aurrera egiteko lehenengo pausu bezala.

ASTURIAGAKO ERAHILKETEN MEMORIA MANTENTZEKO PLAKA

Hondarribiako Asturiaga hondartzan, 1974ean Frankismoaren garai ilunetan, diktadurako poliziak bi gazteak erahil zituzten tokian bertan, memoriarako plaka bat jartzea eskatzen dugu.

2016ko Azaroan Eusko Jaurlaritzak “Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri. Hondarribia, 1960-2010” txostena argitaratu zuen. Txosten honen azpititulua “Oroitzapenezko ekintzak eta biktimen aitortza sustatzen laguntzeko udalei eskaintzen zaien agiri informatiboa” zen. Txosten honetan gure herrian jazo diren biktimen inguruko zerrenda bat egiten da, biktimak nork eragindakoak diren, noiz eta gertaerak nola izan ziren deskribatzen du. Josu Zabala Erasunen kasua esaterako bertan jasotzen du eta deskribapenean bertan esaten den moduan hilketan gertatu eta hurrengo egunean Hondarribiko udal osoak dimititu zuen. Josuren kasua ezaguna dugu herrian, bera hil zuten txokoan bertan plaka bat dauka eta urte luzez Irailaren 8an memoria ekitaldiak egin izan dira, baita, erakusketa eta beste zenbait lanketa ere.

Josu 1976an erahil zuen Guardia zibilak. Bi urte lehenago, artean Franko eta bere erregimen ankerra bizirik zegoenean, Roke Méndez Villada eta Jose Luis Mondragon Elortza gazteak hil zituzten, bertsio ofizialaren arabera, Asturiaga hondartzan. Aipatu txostenak “Behar beste argitu ez diren kasuak” bezala jasotzen ditu erahilketa hok eta garaiko prentsa frankistan argitaratutako bertsio ofizialak darabilen errelatua jasotzen dute ondoren “kasuaren inguruabarrak hobeto ikertu behar izan ziren” esateko.

Rokeren zein Jose Luisen familiarekin biltzea nahikoa izan zen bertsio ofiziala gezurtatzeko. Polizia frankistak seme eta anaia gabe utzi zuen Jose Luisen familia, baina, Rokeren kasua larriagoa da. Zazpi hilaberekin aurdun zegoen alarguna utzi zuen Roke erahil zuten poliziek. Haren alaba den, eta aita izagutzeko aukera erauzi zioten, Ainhoak eta Jose Luisen arreba den Itziarrek bakardadea aipatu digute askotan. Hondarribiko udalak ezin ditu bakarrik utzi, biktima guztien helburua da Memoria, Justizia eta Erreparazioa, baina, biktima hauek ez dute hasi ere egiteko betarik izan. Beraz, ahanzturan uztea onartzen ez dugulako Asturiaga hondartzan udalak memoriarako plaka bat jartzeko eskaera luzatzen dugu.

MARIÑEL HEGALUZETARAKO ITSASONTZIA KULTURA-ONDAREA DEKLARATZEKO ETA ZAHARBERRITZEKO

Zazpi urte dira Mariñel arrantzarako itsasontzia kai zaharreko arrapalan lehorreraturik dagoela. Hondarribiko “Sustraia” taldeak, tartean Enrike Lekuona zenak, sekulako lana egin zuen itsasontzia zaharberritzeko. Mariñel itsasontzia Hondarribiko udalarena da. Horrela, 2012 urtetik udalari dagokio Mariñel itsasontzia zaintzea eta zaharberritzea; herriaren arrantza irudia berreskuratzeko eta hondarribiar nahiz bisitariek gogoan izateko Hondarribian arrantzak izan duen garrantzia.

Mariñel arrantza itsasontzia, 21,30 m., Muruaga ontziolan eraiki zen, Bermeon, 1985 urtean. Egurrezkoa da, diseinu klasikoa du. Baina beharreko zaintzarik gabe hondatzen ari da.

Dena den, urte honetan Mariñel itsasontzia Hondarribiko hiriaren ikurra bilakatu da. Beste aldetik, Gasteizko Legebiltzarrak onetsi berri du 6/2019 LEGEA, maiatzaren 9koa, Euskal Kultura Ondarearena. Lege horrek bere bigarren artikuluan zedarritzen du zeintzuk ondasunek osatzen dute euskal kultura- ondarea: arte, historia, arkeologia, paleontologia, etnologia, antropologia, hizkuntza, zientzia, industria edo paisaia edo arkitektura aldetik, edo kulturaren beste edozein alderdiren aldetik, balioa duten Euskadiko kultura-ondasun guztiek (higiezinak direla, higigarriak edo immaterialak), aintzat hartuak izateko eta belaunaldi arteko transmisiorako interesa badute.

Bistakoa da Mariñel itsasontzia kultura-ondarea izaerako objektua dela.

Hori horrela, Hondarribiko EH Bilduko Udal taldeak honako ESKAERA aurkezten du

  1. Hondarribiko Udalak egin dezala deklarazio-espedientea Mariñel itsasontzia kultura-ondarea izendatzeko.
  2. Hondarribiko Udalak, Mariñel itsasontzia zaharberritzeko Hondarribiko hiritarren parte hartzea sustatu dezala. Horretarako, Hondarribiko “Sustraia” taldearen aholku eta laguntzarekin, ideia-lehiaketa antolatu eta deitu dezala.
  3. Hondarribiko Udalak, urteroko aurrekontuetan Mariñel itsasontziaren zaintzari eta zaharberritzeari diru zuzkidura nahikoa eslei diezaiela. Era berean, Mariñel itsasontziaren ingurunea atondu eta zaindu dezala.Hondarribian 2019ko urrian

KLIMA ALDAKETA GERARAZTEKO KONPROMISO ZEHATZAK HARTZEKO MOZIOA

Larrialdi Klimatikoa datozen urte eta hamarkadetako agenda baldintzatzera etorri da, gure ongizatearentzako mehatxu nagusienetarikoa baita, benetako zibilizazio erronka bat. Mundu mailako eta Euskal Herriko egoera eta joerak ez du baikortasunerako tarte handiegirik uzten, are gutxiago geldotasunerako. Gazteentzako dagoeneko kezka nagusia bihurtu da, ez bakarrik larrialdia, baita gaiari ematen zaion erantzun politiko eskasa ere.

Azken urte luzeetan komunitate zientifikoak aldaketa klimatikoaren bilakaeraren inguruko abisuak eta jakinarazpenak igorri ditu. Aldaketa klimatikoa, Berotegi Efektuzko Gasen isuri masibo baten ondorioz gertatzen ari da, eta isuri horien arrazoi nagusia, bakarra ez bada ere, gure metabolismo sozioekonomikoa mantentzeko erretzen ditugun baliabide fosilen erabilpenean datza. Aldaketa klimatikoa, beraz, guk eragiten dugu nagusiki, eta dagoeneko ondorioak atzematen hasiak gara.

Urtez urte argitaraturiko txostenetan, egoera kaskartzen ari denaren zantzuak ditugu. Nazioarteko hainbat erakunde eta lantaldeek argitaratzen dituzten txostenetan gero eta argiago esaten da klima eta energia politiketan, eta ondorioz gure egunerokotasunean, eraldaketa sakon bat, iraultza bat, eman behar dela, baldin eta egoerari aurre egin nahi baldin badiogu eta aldaketa klimatikoaren efektu bortitzenak pairatu nahi ez baditugu. 2018ko urrian, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak, plazaraturiko txosten berezi batean, tonua altxa zuen indarrean dauden politikek behar besteko anbiziorik ez dutela salatuz, eta elektrizitatearen, nekazaritzaren, garraioaren eta industriaren sektoreetan aurrekaririk gabeko aldaketak eskatuz.

2018ko azaroan, Nazio Batuen Ingurumen Panelak aditzera emandako txostenak egoera larria dela ohartarazten du, esfortzuak areagotzen ez badira hondamendira goazela azpimarratuz.

Gaia bere osotasunean ikusirik, argi dago ataka batean gaudela eta orain arte proposatu eta egindakoa berraztertu beharrean gaudela. Ahal dela, eta industria iraultza aurretiko egoerarekin alderatuta, 1,5oCko tenperatura igoera ez gainditzea helburutzat zuen 2015eko Parisko Akordioa betetzeko, orain arte emandako pausoak guztiz ez-nahikotzat jo beharrean gaude.

Hasieran genion bezala, zibilizazio erronka baten aurrean gaude, eta aurrez aurre Jaurlaritzaren eragin esparru eta ahalmenak gainditzen dituen lanak baditugu ere, egoerak partekaturiko esfortzu bat eskatzen du.

Gure ustetan, ipar orratza ahalik eta azkarren karbono isurietan neutroa izango den Euskal Herri baterantz begira jarri beharrean gaude, eta horretarako ezinbestekoa da eraldaketa azkar eta eraginkorrak egitea. Prozesu honek gure jendartean inplikazio anitz eta sakonak ekarriko ditu, bai ehun produktiboan, bai mugikortasunean, bai lurralde antolamenduan eta abar, horregatik deritzogu pausu azkar eta eraginkorrak ematea ezinbestekoa dela.

Mozio honen bitartez, egoeraren larritasuna aitortzea dugu helburu, Larrialdi Klimatikoari behar besteko arreta ipintzeko asmoarekin, aurrerantzean politika publiko guztiak Larrialdi Klimatiko egoeraz kutsa daitezen.

Hori horrela, Hondarribiko EH Bilduko Udal taldeak honako MOZIOA aurkezten du

  1. Hondarribiko Udalak larrialdi Klimatiko egoera deklaratzen du.
  2. Hondarribiko Udalak, Jaurlaritza larrialdi klimatiko egoera deklaratzera, eta honi aurre egiteko beharrezkoa den karbonogabetze prozesua 2040. urtera aurreratzekomoduko plangintza eta politikak abiatzera premiatzen du.
  3. Hondarribiko Udalak, Jaurlaritza aldaketa klimatikoaren eraginez pairatukoditugun ondorioetara egokitzeko neurriak hartzera premiatzen du.
  4. Hondarribiko Udalak, bere eskumenen baitan, Aldaketa Klimatikoari aurre egitekopolitika eraginkorrak garatzeko konpromiso irmoa adierazten du.
  5. Hondarribiko Udalak Aldaketa Klimatikoa eragiten duten udal eskumeneko faktore guztien inguruko diagnosi bat eta 4/2019 Jasangarritasun Energetikoaren Legearengarapena udalerrira egokitzeko hurbilpen lan bat egingo du 8 hilabeteko epean.
  6. Hondarribiko Udalak, udalerriko egoeraren diagnosia kontuan hartuta, prozesu partehartzaile bat abiatuko du herritarren, auzoen, kontzejuen eta beste edozein eragileren ekarpenak barne bilduko dituen plangintza bat osatzeko 2020. urtean zehar.
  7. Hondarribiko Udalak, udalerriko herritar, eragile eta auzoekin elkarlanean, plangintza hau aurrera eramateko beharrezkoak diren bitarteko tekniko zein ekonomikoak bermatzeko konpromisoa hartzen du, bere gaitasunen araberakoa izanik plangintza gauzatzeko epea.
  8. Hondarribiko Udalak bat egiten du, larrialdi klimako egoera dela medio, irailaren 27an deituta dagoen nazioarteko grebarekin eta herritar guztiak parte hartzera animatzen ditu.
  9. Hondarribiko Udalak Bando baten bitartez emango die mozio honen berri herritarrei.
  10.  Hondarribiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako trantsizio ekologikorako ministerioari bideratuko die onartutako mozioa.

Hondarribian 2019ko urrian

ITSASOA, ONDAREA ETA EUSKARA. ENRIKE LEKUONA IKERKETA BEKA ANTOLATZEKO

Hondarribiko EH Bildu Udal Taldeak Itsasoa, Ondarea eta Euskara. Enrike Lekuona Ikerketa Beka sortzea proposatzen dio Hondarribiko Udalari, zehazki, Arma Plaza Fundazioari. Beka deialdiaren antolatzailea Arma Plaza Fundazioa izango litzateke, Enrike Lekuonaren familia, Aranzadi Zientzia Elkartea eta “Sustraia boluntario taldea” laguntzaileak direla. Onartzekotan, bi urteren behin egiteko izango litzateke. Jarraian, Enrike Lekuona pertsonari buruzko iruzkin laburra egiten dugu.

Galtzaileen seme-alabek diktaduraren harresia pitzatu zuten. Enrike Lekuona Muñoz, horietako bat zen. Enrikeren belaunaldi hark ukazio gorritik hasi behar izan zuen, zerotik, beldurra eta errepresio gordina gainditu eta askatasunaren lubakietara jauzi egin. Enrikek bere burua egin zuen askatasunaren aldeko militante, berak hartu zuen euskara hizkuntzaren kontzientzia, euskaltzale eta abertzale egin zen.

Beti ikasten, beti marrazten, beti arakatzen, beti laguntzen, Enrike beti, behar zenean, hor zegoen, isilik batzuetan, marrazten eta idazten gehienetan, beti. Irizpide propioak zituen Enrikek eta bazekien azaltzen eta defendatzen. Tinko eta, aldi berean, samur. Baina Enrikek oso ondo zekien jakin, eraikitzeko, taldea dela beharrezkoa; irabazteko, antolakuntza dela ezinbestekoa. Gaitasun handiko gizona zen eta horregatik, agian, bazekien gizonak bere bakardadean deus gutxi lor dezakeela. Gaitasun handiko pertsonen ahalmena taldearen baitan gauzatzen da. Hori da Enrikek utzi digun irakasgaia: denon artean irabaz dezakegu, baliteke, baina bakoitza bere txokokeritik besteen aurka jardunez gero, denok galtzaile, seguru. Enrike leiala, diziplinatua, burkide nekaezina eta taldekoa; batez ere, taldekidea. Taldea, lan taldea zen Enrikeren gustuko eremua.

2017ko uztailaren 12an istripu baten ondorioz hil zen Enrike Lekuona. Tradiziozko arrantza itsasontzi baten berreskuratze eta musealizatze lanetan zebilen Hondarribiko portuan. 1967. urtetik Aranzadiko kide zen. 2006. urtean Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatutako arkeologia ikastaro praktiko batean parte hartu zuen eta ordutik arkeologia proiektu ezberdinetan egiten zuen lan, adibidez: Amaiur eta Beloagako indusketetan, Pirinioetako galtzada erromatarretan eta historiaurreko aztarnategi ezberdinetan, Jaizkibel eta Munoaundi, bestak beste.

Ogibidez itsas ingeniaria, bere jakituriak Aranzadiren ekintzetan eragin handia izan zuen, musealizazio, zaharberritze eta ikerketa metodo esanguratsuak ekarri baitzituen Aranzadi Zientzia Elkartera. Hori gutxi balitz, Euskal Herrian zehar aurki daitezke haren akuarela eta marrazkiak: Igartza (Beasain), Amaiur (Baztan) edota Irulegin (Aranguren).

Gizalegez jokatzen zuen beti, eta lan egiteko grina eta ilusioa berehala hedatzen zituen harekin elkarlanean zeudenen artera. Enrikeren nahiari eutsi nahi diogu, gure ondare kulturalaren ikerketa eta defentsa aldarrikatzean alegia, belaunaldi berriengan berak ereindako hazia hel dadin.

Eskaerari atxiki diogu ikerketa-bekaren oinarrien proposamen bat. Proposamena besterik ez da. Onartuko duzuelakoan, Enrike gogoan.

HONDARRIBIKO 2020KO AURREKONTUEI ZUZENKETAK

Hondarribiko EHBildu udal taldeak, honako zuzenketa hauek proposatu ditu 2020ko jardunari begira. Honekin batera, Hondarribiko EHBilduk jarraipen batzordea sortuko du udal taldearen baitan, onartutako egitasmoak bete/gauzatu daitezen ziurtatzeko.

Laburpena:

1.-Mariñel itsasontzia kultura-ondarea izendatzeko 2.500 €
2.-Enrike Lekuona ikerketa beka 12.500 €
3.-Kataluniako Cadaqués udalerriarekin senidetzeko proiektua 4.000 €
4.-Aldaketa klimatikoaren aurkako plana (sentsibilizazioa). 18.000 €
5.-Roke Mendez eta Jose Luis Mondragon oroimen harria 2.000 €
6.-Emakumea eta itsasoa ikerketa beka 7.000 €
7.-Musika Eskola antolaketa eredua aztertzeko proposamena 18.000 €
8.-Jaizkibel-Jaitzubia ingurumen egitasmoa 13.500 €
9.-Berdintasun teknikaria kontratatzeko 60.000 €
GUZTIRA 137.500 €

 

1.-Mariñel itsasontzia kultura-ondarea izendatzeko ……………………………… 2.500 €

Mariñel itsasontzia, Muruaga ontziolan eraiki zen, Bermeon, 1985 urtean. Hegaluzetarako ontzia da, 21,30 metro luze da eta diseinu klasikoa du. Kroskoa zurezkoa du, kalitate bikainekoa. Esan daiteke Hondarribiko azken itsasontzi klasikoa dela. Hondarribiko Udalak erosi zuen, 2012 urtean eta “Sustraia” taldearekin koordinatuta, itsasontzia zaharberritu da herriaren arrantza irudia berreskuratzeko eta hondarribiar nahiz bisitariek gogoan izateko Hondarribian arrantzak izan duen garrantzia. Lan hau guztia egin ondoren eta gure kide Enrike Lekuonak izandako zorigaiztozko istripuaren ondorioz zendu zenak sortutako asaldatzeak, proiektuarekin ez atzera ez aurrera egitea ekarri zuen. Hori dela eta, hasitako lana burutze aldera, itsasontzia kultura-ondarearen katalogoan onartua izan dadin proposatu dugu eta tramitaziorako, 2500€ ko partida bat esleitzea.

 

2.-Enrike Lekuona ikerketa beka…………………………………………………………12.500 €

Hondarribiko EH Bildu Udal Taldeak Itsasoa, Ondarea eta Euskara Enrike Lekuona Ikerketa Beka sortzea proposatu dio Hondarribiko Udalari, Arma plaza fundazioak kudeatu dezan, Enrike Lekuonaren familia, Aranzadi Zientzia Elkartea eta “Sustraia boluntario taldea” laguntzaileak direla.

2017ko uztailaren 12an istripu baten ondorioz hil zen Enrike Lekuona. Tradiziozko arrantza itsasontzi baten berreskuratze eta musearatze lanetan zebilela. Itsas ingeniaria ikasketez eta lanbidez, esparru askotan talde lanean aritua: euskara, ondarea, kultura, artea,…

Egitasmo honen bitartez, Enrikeren nahiari eutsi nahi diogu, gure ondare kulturalaren ikerketa eta defentsa aldarrikatzeari alegia, belaunaldi berriek, berak ereindako haziari hel diezaioten.

Ikerketa beka hiru urtetik behin deituko genuke eta 10.000€koa litzateke.

 

3.-Kataluniako Cadaqués udalerriarekin senidetzeko proiektua …………… 4.000 €

Bada bide bat Cadaques eta Hondarribia batzen duena. Bi herriotako itsasargietatik hasten den bidea eta GR11 du izena. Bide honek bi itsaso batzen ditu, bi natur paisaia ezberdin zein aberats eta bi kultura txiki eta oparo. Pirinioak dira gure izaera eta izatea batzen duen tokia eta bidean beste hainbat aurkitu ditzakegun arteria. Bi herri, bi nazio, bi hizkuntza eta bide bat.

4.-Aldaketa klimatikoaren aurkako plana (sentsibilizazioa).……………………… 18.000 €

Urrian ospatutako udalbatzan, EHBilduk aurkeztu mozioa onartu zen Larrialdi Klimatikoaren inguruan, egoeraren larritasuna aitortzea helburu eta Larrialdi Klimatikoari behar besteko arreta ipintzeko asmoarekin.

Honekin batera, herri mailako sentsibilizazio plana abiatzea proposatzen dugu eta horretarako, 18.000€tako aurrekontua esleitu, eta Agenda 21en egiten ari den lanketarekin batera uztartu.

 

5.-Roke Mendez eta Jose Luis Mondragon oroimen harria ……..…………………. 2.000 €

Roke Mendez eta Jose Luis Mondragon Hondarribiko Asturiaga hondartzan erailak izan ziren. Haien oroimenean hondartzan bertan oroitarri bat jartzea proposatzen dugu.

 

6.-Emakumea eta itsasoa ikerketa beka ………………………………………….. 7.000 €

Dagoeneko aldez aurretik martxan zegoen egitasmoa dugu, baina deialdia egin eta hutsik gelditu zenez, bertan behera gelditu zen. Bi urtetik behin esleitzen den beka izanik 2020an dagokio berriz deialdia egitea eta aurrekontuetan islatuta ikusi ez dugunez, bertan sar dadila eskatzen dugu.

 

7.-Musika Eskola antolaketa eredua aztertzeko proposamena…………………….18.000 €

Ez da berria Musika Eskolarekin gertatzen ari diren kudeaketa eta finantzazio gorabeherak. Kontutan izanik udalak eraikitako Kultur-Etxean gauzatzen dela jarduera eta hori kudeatzen duen elkarteak izan dezakeen egoera, akordio berriak eta beste antolaketa/kudeaketa/eraketa eredu ezberdinak aztertu eta lantzea proposatzen dugu eta horretarako, 18.000€ aurrekontua esleitu dadila.

 

8.-Jaizkibel-Jaitzubia ingurumen egitasmoa……………………………………………….13.500 €

Jaizkibel eta Jaitzubia Hondarribian ditugun bi altxor natural dira. Natura 2000 sarearen inguruan daudenez, mantenu eta jarraipen lanak egiten dira eragile ezberdinen aldetik, baina, kontserbaziorako egon daitezken premiak tokian bertan konpontzeko ez dago partidarik eta interesgarria dela uste dugu udala bera inplikatzea eremu babestu hauen zaintzan. Horretarako, eta eragile ezberdinen laguntzarekin, urtero 13.500€ko poltsa bat sortzea proposatzen dugu, eremu horietan kontserbazio lanak egiteko.

 

9.-Berdintasun teknikaria kontratatzeko …………………………………………………60.000 €

Udalean ez dago genero lanketarik egiten duen sailik ez teknikaririk. Uste dugu premiazkoa dela berdintasun teknikaria, eta eskaera berria ez bada ere, lortu arte proposatzen jarraituko dugu. Horretarako beraz, datorren urterako aurrekontuan 60.000€ko esleitzea proposatzen dugu.

 

Gure zuzenketak aurrera egiteko eskatzen dugun kopurua guztira …………..137.500 €

Txostena PDFn eskuragarri:

Aurrekontuak EHBilduren zuzenketak

Muara elkartearen aurkako erasoa berriro ere!

Muara elkartearen aurkako erasoa berriro ere!

Aurten abuztuaren 25ean, igande gauez, edo abuztuaren 26an goizaldean eta gerora irailaren 7an goizaldean Muara Elkartearen aurkako eraso faxistak berriz jasan izan ditugu. Ezezagun batzuk puskatu dute elkarteko kanpoaldeko banderen hagak eta banderak lapurtu. Egindako kalte materialetatik haratago ekintzaren izaera faxista salatu nahi dugu. Alde batetik, adierazpen askatasunaren aurkako erasoa delako eta, bestetik, beldurra sorrarazi nahi dutelako. Inpunitatea salatu nahi dugu, faxisten inpunitatea.

Joan den urteko erasoan, 2018ko irailean, erasotzaileetako bat identifikatu, epaitu eta kondenatua izan zen; Espainiako Armadako kidea zen Hondarribiko Komandantzian zegoena, erasorako Espainiako Armadaren ibilgailua erabili zuten.

Horiek horrela, badira motiborik pentsatzeko berriki gertatu den erasoa izaera berekoa izan daitekeela. Horregatik eskatzen diogu Hondarribiko Udalari eta indar politikoei erasoak salatzea.

Udaltzaingoan jarritako salaketatik harago Hondarribiko udalari eskatzen diogu auzian salaketa partikular gisa aurkeztea. Azken buru, eraso faxista hauek askatasunaren aurkako eta Hondarribiko hiritar guztien kontrako erasoak baitira.

Oharra PDF formatuan hemen

Muarari laugarrenez erasoa

Igandetik astelehenerako bitarteko gauean Muara Kultur Elkarteak eraso bat jasan zuen. Oraingoan sarreran dauden bi mastetako bat errotik hautsi zuten eta masta horretan zeuden banderak lapurtu.

Azken urteotan 4 eraso izan ditu Muarak. Azkena udaberrian espainiar armadako militar batek burututakoa.

Erasoa igandean jazo zen, asteburu honetan kolore guztietako milaka polizia eta militar ibili diren gure herrian, susmagarria ezta? Udaberrian emandako erasoaren segida baten kiratsa du oraingo honek.

Hondarribiko EH Bilduk irmoki salatu nahi du laugarren eraso hau eta eskatzen dugu eraso hau behar den bezala ikertu dadin, lau eraso jasan ditu Muarak, uste dugu ikertzeko nahikoa arrazoi badagoela.

Egiten duen lanean sinisten dugulako Hondarribiko EH Bilduk babes osoa eskaini nahi dio Muara Kultur Elkarteari.