Gonbiteari planto

BM berria ireki dute herrian. Dirudienez oso pozgarria da albistea herritarrontzat edo horrela ikusi dute udal agintariek. Baina, supermerkatu kate handi batek denda berri bat irekitzeaz haratako, udalak merkatariekiko duen jarrerak kezkatzen gaitu EH Bildun.

Zergatik zalaparta hau? Kate handiek agintzen duten herri bat nahi dugu? Zaldunborda bezalako proiektuen aurrean men egiten jarraitu behar dugu? Merkatari txikiak kate handi hauek bezala tratatzen ditu udalak? Edo erreztasunak enpresa handientzako dira bakarrik?

Inaugurazioa gaur izan da eta BMk joango diren zinegotzi kopurua lehen bait lehen konfirmatzeko eskaera egin zigun. Baina, Hondarribian denda guztiei eskeintzen zaie horrelako arreta folkloriko instituzionala?

Ez dugu horrela uste eta hau pentsatu genuen gonbitea jasotzerakoan: Merkatari txikiak dira herriari bizia ematen diotenak, baita, kalitatezko enplegua sortzen dutenak ere. Bada ordua merkatari txikien biziraupena sustatzeko neurriak hartzeko. Kate handiak, ziurrenik, ez dute udalaren babesa behar aurrera egiteko, merkatari txikiek berriz bai.

Pinuaren gaitza Hondarribian

Gure eskualdean intsinis pinua pairatzen ari den banda marroiaren gaixotasunarekin kezkatuta, honako galdera hauek bidali genizkion ingurune teknikariari:

a) zer interbentzio ari da egiten udala honen inguruan?
b) zer koordinazio dago Hondarribiko udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean?
c) gure eskualdean, eta bereziki Hondarribian gaixotasuna izaten ari den eragina, bai jabetza partikularreko zein jabetza publikoko landaketetan, ba al ditu udalak datu zehatzak?

Eta hau jasotako erantzuna:

Zure galderei erantzunez, esan Hondarribiko herriko parke eta lorategi publikoetan, egin berria dugula urtero zuhaitzei egin ohi diegun begizko ikuskapena. Ikuskapen horretan ez da banda marroiaren gaitzaren aztarnarik antzeman. Gaitza horren aztarnarik ikusiko bagenu, laginak hartu eta Aldundiaren Fraisoroko Laborategietara bidaltzearen komenientzia aztertuko genuke.

Jabetza publikoko landaketei dagokionez, dakizunez Jaizkibelgo kudeaketa Foru Aldundiak du. Hala ere, leku gehienetan dagoen pinua ez da insignis, pinaster baizik eta momentuz, ez dago kaltetuta. Aldundiak duen helburua da poliki-poliki pinudietan, Quercus pyrenaica agertzen den lekuetan, bere garapena sustatzea etorkizuneko espezie bezala.

2018/XI/29 ko Udalbatzaren Kronika

Hona hemen Azaroaren 29ko udalbatzako kronika:

1.-2018ko ekainaren 28ko eta uztailaren 26ko bilkuretako akten irakurketa eta onarpena, bidezkoa bada. Aho batez onartuta.

2.-2019ko Aurrekontu proposamena. Honako hau izan da Hondarribiko EHBilduk aurrekontuei proposatutako zuzenketa, negoziaketa eta ondorioa:

– Muliateko eremuan propietatean salduko diren VPOko 15 etxe erosi, alokairu sozialerako jartzeko. Alokairu soziala kudeatzeko bulego bat ireki, propio kontratatutako pertsonalarekin: Ahalegin berezia egingo duenaren konpromisoa hartzen du udalak alokairu sozialerako etxe kopurua handitzeko, baino ez du bulego propiorik sortuko.

Aparkalekua PRESAtik, Sta Engrazia errotondara doan eremuan, azterketa eta bideragarritasun txostena kontratatu, bertan eta Eroskiko azken solairuko aparkalekuarekin bat egiteko, munizipala izan dadin eta aparkaleku premian laguntzeko.
Ondoren, joan den urteko aurrekontuetan onartutako Zumardirako ideien lehiaketa martxan jarri, ebatzi eta Zumardia aparkaleku izateari utzi: Udalak konpromisoa hartzen du bideragarritasuna baloratu enpresa eraikitzaileei ideia aurkezteko.

Bidegorrien sarea herri mailan burutze prozesuan, lehenengotasunez ikastetxeetarakoak bermatu. Konponbidean omen dago gai hau.

Amute -Mendelu zatirako Proposamen bat aurkeztuko dute gutxi barru eta Martxorako, Mugikortasun txostena aurkeztuko dute: Kreditu aldaketen bidez gauzatuko dira zenbait proiektu. Eskoletarakorako irtenbide argirik ez daukate.

Berdintasun teknikaria lanaldi partzialean kontratatu, ongizatean integratu eta Berdintasun Plana burutu, erasoen protokoloa kudeatu eta koordinatzeko: Ez da onartu.

Euskara dinamizatzaile bat kontratatu lanaldi partzialean, ordenantzaren betekizunak ziurtatzeko, ostalaritza eta merkataritzan; aisialdi, elkarte eta auzoetan euskara sustatzeko, eta laguntzak bideratzeko: Ez da onartu.

Alardearen auziak eragindakoa gainditze bidean jartzeko, herritarren arteko prozesu parte hartzailea burutzeko proiektua diseinatu, ebatzi eta abiatzea: Bere horretan onartu da.

Hileta zibiletarako protokoloa burutu eta pleno aretoan beharrezko moldaketak egin bertan ospatu ahal izateko (ordezko tokia, kultur etxeko areto nagusia: audio/bideo proiektore +pantaila etab.): Onartu da.

Migrante etorri-berrientzako harrera protokoloa eta integrazio laguntza/zerbitzuak diseinatu: Onartu da eta ongizate zerbitzuaren bitartez bideratuko da.

Auzo guztietan oharretarako panelak jarri herritarren arteko komunikazioa sustatzeko: Onartu da.

Graffiti lehiaketa. Herrian zehar dauden porlanezko hormak detektatu eta graffitiekin apaintzeko hainbat urteetan. Lehiaketa publikoa egin: Bere horretan onartu da.

Konpromisoa hartu, aurrekontuetan onartzen denaz gainera, premia larrian aurkitzen diren hondarribiar orok jasoko duela dagokion laguntza.

21.798.867 milioi euroko aurrekontua, EAJ ren aldeko botoekin onartu zen. PP eta AAk kontrako botoa eman zuten eta PSE eta gu abstenitu egin ginen.

3.-2017. urteko likidazioaren Finantza Iraunkortasunaren azterkerta eta ebaluazioaren berri ematea.

4.-IES Talaia BHI ikastetxean teilatu-hegalak eta metalezko egitura konpontzeko obrak direla eta eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren %95eko hobaria onartzeko proposamena: Aho batez onartua.

5.-Bidasoa Bizirikeko estatutu aldaketa proposatu eta onartu zen PNV, Pse eta gure botoekin. AA eta PP abstenitu egin ziren.

6.-Arma Plaza Fundazioaren jakinarazpena

7.-Hiri bizikidetzari, ondasun publikoak errespetatzeari eta garbitasuna, okupazioa eta eremu publikoa araupetzeari buruzko ordenantzaren inguruko alegazio proposamena eta behin betiko onarpena: Onartu zen PP eta Eajren botoekin; guk ezezkoa eman genuen, Pse abstenitu egin zen eta AAkoek ez zuten bozketan parte hartu forma akatsak argudiatuz.

8.-2019ko Plantilla Organikoa eta Lanpostuen Zerrenda aldatzeari buruzko proposamena ere onartu zen gure abstentzioarekin.

2018/11/10eko herri batzarra

HERRI BATZARRA

Kaixo lagun.
Ohar honen bidez datorren larunbatean, Azaroak 10, goizeko 10etan Muara elkartean, Hondarribiko EH Bilduk antolatu duen Herri Batzarrean beste Hondarribi bat nahi duen jende guztiari parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diogu.

 

 

2019ko Udal hauteskundeei begira gaude eta horretan jarraituko dugu.

Anima Zaitez eta Parte Hartu.

Alardearen inguruko gertakarien harira aurkeztutako mozioa

Ondoren duzuen testua mozioaren aurkezpena da, irudian berriz mozioa bera:

Mozio honekin ez dizuegu eskatzen irailaren 7tik 8ra gure Kale Nagusia okupatuta egotearena salatzea, nahiz eta okupazio horrek bizilagunei eragozpen nabariak sortzen dizkion eta udal araudiak urratzen duen. Araudia urratze horrek Gobernu Taldearen baimena balu esan eta egingo dugu dei publiko bat etxerik gabeko jendea edota migranteak gure Herriko kaleetara etortzeko bertan lo egitera, eskertuko dute eta.

Ez dizuegu eskatzen ere Ertzaintzari galdera sorta luzatzea zergatik irailaren zortzian Barne Sailaren aginduak betearazi ez zituen, edo aginte judizialik ba ote zuen Jaizkibel konpainiako adin txikikoak bideoz grabatu ahal izateko. Nola ez dizugun eskatzen ere espediente bat irekitzea aztertzeko zergatik Udaltzaingoak tratu ezberdin ematen dion talde bati pankartak zintzilikatzen uzten dionean beste talde bati kentzen dizkion bitartean.

Ahal genizuekeen eskatu ere irainak, ttuak eta plastiko beltzak ez jartzea eta bakoitzak defendatu nahi dituenak defenda eta aldarrika ditzala modu ez erasokorrean eta eraikitzailean. Baina ez, gaurkoan irailaren zortzian jasan genuen eraso fisiko bat jasan onartzera eta salatzera gonbidatzen zaituztegu, Jaizkibel konpainiaren jarduera eragoztera zuzendua zegoena eta pertsona ez gutxirengan izua eta negarra sortu zuena. Plastiko beltzen atzean oihuka, irainka eta txistuka jardun zirenen helburua ez zen tradizio bat defendatzea, baizik eta Jaizkibel boikotatzea, konpainiako kideak umiliatzea eta kikiltzea. Zilegi al da jaia ulertzeko ustezko modu hori gorrotoaren, ukazioaren eta indarkeriaren bidez adieraztea? Uste dugu talde erasotzaileak bizikidetza marra gorri guztiak luzez gainditu zituela. Holako erasoak salatuko ez bagenitu, beste edozein talderi onartu beharko geniokeen antzerako protesta zaratatsuak Alarde Tradizionalista pasatzerakoan, Aste Santuko prozesioaren aurrean edo eta Musika
bandaren Kontzertu batean eta hori onartezina iruditzen zaigu.

Mozio honen helburua ez da Udalbatza honetan Alardeari buruzko eztabaida bat hastea, nahiz eta hori oso beharrezkoa izan gure ustetan. Gainera, lanketa hau jendartean modu ireki, lasai eta presiorik gabekoan egin beharko litzateke eta ez dugu uste, hemen eta orain, horretarako leku aproposa denik. Mozio honen helburua alderdi bakoitzaren jarrera publikoa egitea da, egun hartako erasoaren aurrean: babesten ala arbuiatzen duzue eraso hura? Bata ala bestea, argi eta garbi.

Azken finean demokrazia kontua da, oinarri oinarrizkoak diren joko arauak ez baditugu ozen eta tinko aldarrikatzen, eta egindako okerrak publikoki arbuiatzen, babesa eta laguntza ematen diegu talde hauei edo beste edonori, justifikaezinak diren jarrerak berriro errepikatzeko inpunitate osoarekin .

Benta Zaharraren parkingaren gainekoa

Uda hasieran, gaian iritzi kualifikatua duen kide batek jakinarazita, gure kezka azaldu genuen Udalean, Hirigintza batzordean hain zuzen ere, Benta Zaharreko parkinga eusten duen egituraren egoera tamalgarria zela eta, argazkiz hornituta.
Udal arkitektoak bere gain hartu zuen eta zegokion erakundean jakinarazi eta eskaera bideratuko zuenaren hitza eman zigun. Ez dugu zalantzan jartzen udal teknikariren lanik, baina erantzunik jaso ez genuenez, badaezpada, beste mezu bat helarazi genion Udal Arkitektoari abuztuaren 23an, gure larritasuna adieraziaz.
Udal Arkitektoak bere ardura eta lana ondo beteaz, (udal honetan kasu guztietan gertatzen ez denez) Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietarako Zuzendaritzak, gaia bereganatu eta proiektua prestatu du, beharrezko konponketak burutzeko.
Honaino, ohiko prozedura: herritarren bitartez gabezia bat antzeman eta komunikatu, herri ordezkariak garen neurrian erantzukizunez dagokion tokian jakinarazi eta jarraipena egin, eta diskrezioz eta eraginkortasunez, udal langintzan eragin.
Gertatutakoaren argitan ordea, ez da berdina guztien jokabidea.
Itzela izan zen sorpresa, joan zen ostiraleko Hitzan albistearen berri irakurri genuenean. Herriko korrespontsalaren hitzetan, aipatu arazoa, Abotsanitz alderdiak bideratu zuen, irtenbidea eman, komunikatu eta abar, kasu jakin honetan, ezer gutxi egin ez duenean; are okerragoa dena, gure interbentzioaren aipamen ñimiñoena ere egin gabe.
Ez gara gu auto-laudoriotan ibili zale, gu ez ginen Udalean sartu medailak paparrean jartzeko, egiten dugun lana bere gauza on eta akats guztiekin, jendarte hobeagoa lortzearen bidean, ahal dugun ekarpentxoa egitean datza, eta emaitzaren bat gauzatu ezkero, horixe da guretzat saririk handiena.
Beste talde batek gure lana baliatzea, hobekuntza batzuk bereak balira bezala jendearen aurrean aurkezteko, aldiz, espero ez genuen edukazio eta errespetu politiko falta nabarmentzat hartu dugu; are handiagoa, edukazio eta errespetu hori bereziki zaindu izan dugunean talde horrekin.